Inklusioa eta ekintzailetza sustatzea ditu helburu Aretxabaletan kokatzen den Gu Haziak Gara elkarteak.
Gu Haziak Gara bazterkeria egoera arriskuan egon daitezkeen pertsonen gizarteratzera eta txertatze laboralera bideratutako elkartea da. Zein testuingurutan sortu zen? Zergatik?
Hiru etorkin elkartu ginen, Peruko bat, marokoar bat eta ni, mexikarra. 2011n heldu ginen hirurok eta sentitu genuen gu etorkinak ginela. Bereizketa sentimendu hartatik zerbait egiteko beharra sortu zitzaigun. Lehenengo, aldizkari bat atera genuen. Ekintza hartan, etorkinen kolektiboa ezagutzen joan ginen eta konturatu ginen kanpotarrok behar asko ditugula; ez bakarrik sozialak, baita ere oinarrizko beharrak asetzeko. 2013an, etxeko garbiketa formakuntza bat egin genuen, oso esperientzia ona izan zen eta erabaki genuen elkartea sortzea. Orduan hasi ginen etorkinekin ez ezik, bazterkeria egoeran egon daitezkeen pertsonekin lan egiten. Izan ere, langabeziak batu eta bereizten gaitu.
Bazterkeria egoera arriskuan egon daitezkeen pertsonak profil askotarikoak dira. Zuen kasuan, kolektibo jakin batekin lan egiten duzue?
Bazterkeria egoera arriskuan egon daitezkeen pertsonen profila oso zabala da, eta horren erakusle da gure elkartea. Esaterako, badaude indarkeria jasan zuten emakumeak, kanpotarrak, langabeak eta oso egoera ekonomiko estuan daudenak, paperik gabeko emakumeak, adikzio egoera batetik datorren jendea... Egia da herrian, seguru asko, ezagutzen gaituztela etorkinekin lan egiten dugulako, baina une honetan, nahiko zabala da gure kolektiboa.
"Pertsona orok dugu gure bizitzako une baten baztertuak izateko aukera"
Zein behar dago Aretxabaletan kolektibo horiekin lan egiteko?
Behar nagusia da bizi duten bakardadeari erantzuna ematea. Pertsona orok dugu gure bizitzako momenturen batean baztertuak izateko aukera. Depresioagatik, adikzioengatik, harreman toxiko batetik irten garelako, langabezian denbora luzea egon garelako... Halako egoeretatik igarotzen garenean, bakarrik gelditzen gara esperientzia horrekin guztiarekin. Elkartean ikusten duguna da horrelako egoeretatik ateratzen diren pertsonei laguntasuna falta zaiela. Formakuntza, ikastaroak... izango dituzten leku bat edo laguntasun bat izango duten leku bat.
Zeintzuk dira dituzten oztopo edo zailtasun nagusiak?
Une honetan, baditugu hiru emakume indarkeria jasan dutenak, eta euren oztopo nagusia da etxetik irteteko beldurra gainditzea. Hori oso gogorra da, eta oso ikusezina. Beste zailtasun bat da paperen kontua; izan ere, egoera irregularrean dauden pertsonek oso zail dute arlo askotan. Beste oztopo bat hizkuntza bera da, eta, zer esanik ez, oinarrizko beharrak aseta ez izatea. Badago Aretxabaletan bertan lan finkorik ez duen jendea, eta oso larri ibiltzen dira egunean zehar hiru jatordu egin ahal izateko. Aipatuko nukeen azken zailtasuna formakuntza bera da.
Lanpostuak falta dira?
Bai. Nik uste dut baietz, baina esango nuke lanpostu egokituak falta direla. Bakoitzak gure gaitasunak ditugu, gure erritmoak, eta horrekin gure ekarpena egin dezakegu. Bai produkzio bat ateratzeko orduan, bai eta gizartean bertan ere.
Elkar ezagutzeko eremuak falta dira?
Bai, erabat. Gure elkartea oso aproposa da gune horiek bultzatzeko. Baditugu joskintza ikastaroak, estanpaziokoak, fototransferra, muralismoa.. eta horietan parte hartzen dugu bai kanpotarrok eta baita bertakoek ere. Gure bizitza osorik kontatu gabe elkar ezagutzen dugu, ekintza baten bidez eta alderdi ludikotik.
"Lanpostuak falta dira, eta, bereziki, egokitutako lanpostuak falta dira"
Gu Haziak Gara elkarteak baditu hainbat proiektu eta horietako bat da D2030ek lagundutako Haziberriak proiektua. Zertan datza?
Elkarteari egitura sendoa ematea da asmoa, eta hori gura dugu hiru zutaberen gainean eraiki: lehenengoa da soziala, eta hor eskaintzen ditugu tailerrak, hizkuntza errefortzua...; bigarrena da formakuntzarena, eta arlo honetan aurrerapauso handiak eman ditugu Bastida akademiarekin batera. Hain zuzen ere, Bastidarekin, joskintzaren gaineko formakuntza eskaintzen dugu, homologatuta dagoena. Hirugarren zutabea litzateke enpresarena eta finantzaketarena. Hain zuzen ere, hori da D2030ekin eta Saiolanek gidatuta lantzen diharduguna.
Zein garrantzi du, gizarteratzera bideratutako elkarte moduan, eskualdeko beste enpresa, instituzio eta formakuntzara bideratutako ikastetxe batzuekin lankidetzan aritzea?
Ezinbestekoa da. Elkartea bera ez litzateke existituko sarearen testuinguru hori barik. Mexikotik etorri nintzenean ikusi nuen hemen elkartzeko erraztasuna badagoela, sareak sortzekoa eta komunitatean lan egitekoa. Eskertu egin behar dut Debagoiena 2030, haien laguntzari esker gure sarea indartu egin baita; indartu eta handitu.