"Ondo jokatzen hasi gara, baloia ondo mugitzen, eta hasieratik nagusitu gara, baina azken pasea falta izan zaigu lehen zati osoan. Hala ere, bigarren zatian berdin jarraitu dugu, eta aukerak iritsi dira", azaldu du Josu Aizpuruak, gaurko golegileak. Area barrutik egindako jaurtiketa batekin lortu du garaipeneko gola.
Partiduaren bukaeran, Zarautzek apur bat gehiago estutu du, berdinketaren golaren bila joan da kanpoko taldea. "Baina ondo aritu gara defentsan, lan ona egin dugu eta hiru puntuak etxean geratu dira", gaineratu du Aizpuruak.
Garaipen horrekin, bosgarren postuan jarraitzen du UDAk, Mondrarekin berdinduta. Denboraldi bikaina egiten ari dira bi talde debagoiendarrak eta datorren astean derbia jokatuko dute elkarren aurka, Mojategin.