Gazteen emantzipazioa errazteko helburuarekin etxebizitzen alokairua ordaintzeko dirulaguntzen programa bat jarri du abian Aretxabaletako Udalak. Horrekin, bide batez, herrian hutsik dauden etxebizitzak alokairuaren merkatuan sartzea ere gura du.
Beste herri batzuetako ereduak eta herritarrekin egindako bileretan jasotakoak aintzat hartuta zehaztu dituzte programaren xehetasunak, eta 2022ko aurrekontuan 30.000 euroko diru-partida bideratuko dute.
Laguntzak 18 eta 35 urte arteko gazteei bideratu dizkiete eta 100 eta 250 euro artekoak izango dira hilean; horiek diru-sarreren arabera kalkulatuko dira. Etxebizitzaren alokairuaren prezioa, ostera, ezingo da 650 eurotik gorakoa izan, eta horren ezaugarriei dagokienez ere hainbat baldintza zehaztu dituzte, behar bezala hornitutako sukaldea izatea, esaterako.
Eskatzaileak bete beharrekoak
Hona hemen bete beharreko baldintzarik aipagarrienak –guztiak aretxabaleta.eus atarian–:
- • Etxebizitza: eskatzailea bertan erroldatuta egongo da.
- • Alokairu-kontratua: gutxienez, hamabi hilabetekoa.
- • Laguntzak: banaka edo bizikidetza-unitateka.
- • Adina: 18 eta 35 urte artean.
- • Erroldatzea: herrian azken bi urteak etenik gabe edo Aretxabaletan 10 urtez egon izana.
- • Diru-sarrerak, gehienez: 28.000 euro gordin urtean, banakako eskaera eta 44.000 euro, bizikidetza-unitate kasuan.
- • Diru-sarrerak, gutxienez: 18.000 euro gordin.
- • Familia-lotura: ez da egongo dirulaguntza jasoko duenaren eta errentariaren artean.
- • Jabetzarik ez: eskatzaileak ezingo du etxebizitzarik izan.
Eskaerak, telematikoki
Dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak onartuta daude eta baldintzen inguruko xehetasunak jasoko dituzten esku-orriak Arkupen eta udaletxean daude eskuragarri, baita Udalaren webgunean ere informazioa.
Dirulaguntzak jasotzeko eskabidea egiteko epea gaurtik dago abian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren; gero, tramitatzeko aukera urriaren 30era arte egongo da. Laguntzak telematikoki eskatu beharko dira. Horretarako, Izenpe edo BakQ –Udalean eska daiteke hori– beharko dute interesatuek, derrigorrean. Eskaerak egingo dira www.aretxabaleta.eus atarian, Tramiteak atalean –Laguntzak–, eta Gazteria Zerbitzuak bideratuko ditu.