Zirkulazioan aldaketak ekarriko dituzte Santa Kurtz kaleko lanek

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko api. 15a, 09:53

Lanak hastean, ibilgailuendako itxi egingo dute Iparragirre kalea.

Hilaren 19an hasiko dituzte bigarren faseko lanak eta Iparragirre kaleko iparraldea zirkulaziora itxiko dute lanek irauten duten bitartean.

Santa Kurtz kaleko hornidura eta saneamenduko plan bereziko obrek bigarren faseari ekingo diote hilaren 19an. Egun horretatik aurrera, Sasoi Eraikuntzak enpresako makinak izango dira Santa Kurtz eta Otalora kaleetan, Iparragirre –iparraldea– kalean barrena – Amets taberna–.

Tarte hori itxi egingo dute, eta horrek ibilgailuen zirkulazioan aldaketa batzuk eragingo ditu. Kurtzebarri Eskolako eraikina zeharkatu ondoren, ibilgailuak Sarasate hegoaldetik – Exprex taberna– joango dira Otalorara. Kale horrek zirkulazioaren noranzkoa aldatuko du, eta beheranzkoa izango da obrek irauten duten bitartean.

Sarasate, Elkano, Guridi eta Iparragirre kaleetako bizilagunek Exprex tabernatik Santa Kurtz aldera igarotzeko aukera izango dute, oraindik obretan ez dauden zatietan aparkatzeko aukera izan dezaten.

Bost fase

Santa Kurtz kalearen berrurbanizazioaren bigarren fasea lehenengoarekin batera egingo da. Azken hori joan den urtarrilean hasi zen eta Iparragirre kalearen hasieraren eta kuarteleko erdi biribilgunearen zatia hartu zuen. Bi fase horiek ekainaren erdialderako amaitzea espero dute, eta orduan, honako esku-hartze hauek egingo dira: hirugarren fasean, Iparragirretik –iparraldea– Sarasateraino –hegoaldea–; laugarrenean, Exprex tabernatik Otalora kalerako tarteraino; eta bosgarrenean, Kurtzebarri Eskolako ingurua hartuko dute lanek. Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu zitzaizkion lan horiek, 2.042.500 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak