Herriko idazleen eskutik, hitzen arteaz gozatzeko aukera

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko api. 22a, 13:09

Iazko Hitz-Artea ekitaldian, Judit Ruiz de Muniain idazlea irakurtzen, eta atzean Mitxelenaren ilustrazioak, zuzenean.

Liburuaren Egunaren harira, bi ekimen egingo dituzte: apirilaren 27an, herriko idazleen liburuen azoka egingo dute Herriko Plazan; eta 28an, berriz, Hitz-Artea ekimenean, bailarako hainbat idazleren hitzak ilustratuko ditu Jokin Mitxelenak.

Herriko idazleen lanak izango dira protagonista aurten ere Liburuaren Egunaren bueltan. Sei idazle hauen azken lanak ezagutu ahal izango dira gertutik: David Agirrerena, Luis Jose Errastirena, Maider Triviñorena, Judit Ruiz de Munainena, Karmele Igartua aretxabaletarrarena –haren poemak Tere Irastorza Bergarako Idazle Eskolako zuzendariak irakurriko ditu– eta Xabier Oianguren eskoriatzarrarena.

Hitz-Artea ekimena 28an

Iaz egin zuten lehenengoz Hitz-Artea ekimena eta aurten ere egingo dute, hilaren 28an, 18:30ean, Arkupeko Zaraia aretoan. Bertan, Jokin Mitxelena ilustratzailea zuzenean marrazten izango da, bailarako hainbat idazlek euren lanak jendaurrean irakurtzen dituzten bitartean.

Esaterako, Judit Ruiz de Muniainek bigarren urtez hartuko du parte. Argitaratu zuen lehen lana Zukafukamusuka izan zen, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako istorio erotikoen liburua. Iaz, Karmele Igartuaren sarian aipamen berezia jaso zuen, eta aurten, El rinoceronte, relatos en estampida Gabonetan argitaratu zuen bigarren lanaren zati bat irakurriko du. Oso ekimen aberasgarria iruditzen zaio: "Asko gustatu zitzaidan aurreko urtean parte hartzea. Iruditzen zait oso bisuala dela, gaur egun oso ohituta gaude bideoekin, eta izan zen nahasketa oso interesgarria. Gainera, gero, marrazkiak ere banatu egin ziren eta jendeari asko gustatu zitzaion. Niri oso positiboa iruditzen zait; izan ere, uste dut bakarrik irakurtzeak baino ikuskizun handiagoa eskaintzen duela formatu honek. Bestalde, asko gustatzen zaidana da baita ere herriko idazleak izatea protagonista. Bertan izango garen gehienok gure kontu editatzen dugu, gure zaletasuna da, ez da ogibidea, eta aukera bat da gustatzen zaiguna erakusteko".

Liburu azoka 27an

Horrez gain, aurreko egunean, hilaren 27an, liburu azoka egingo dute, 18:00etatik 20:00etara, Herriko Plazako arkupeetan. Herriko hainbat idazleren lanak egongo dira bertan. Horiek gertutik ikusteko eta zuzenean idazleekin hartu-emana izateko aukera izango da, eta, noski, argitaratu dituzten azken liburuak erosi ahal izango dira. Aurten, Hitz-Artean ez du parte hartuko, esaterako, David Agirrek, baina azokan egongo da egun horretan bertan argitaratuko duen Guía del Camino Ignaciano. Un camino para la justicia social saiakerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak