Jokalari bat gutxiagorekin ere, lau gol sartu dizkio UDAk Euskaldunari

Imanol Beloki Unamuno 2022ko api. 3a, 20:07

UDAk Euskalduna taldaren aurkako partidua jokatu du gaur, Ibarran, eta 4-0 irabazi du. Hala ere, partiduaz gain, beste hainbat ekintza ere izan dira. Batetik, minutu bateko isilunea gorde da neurketaren aurretik, Jose Antonio Zangituren omenez, eta, gero, atsedenaldian, UDAren 75. urteurrenaren barruan, presidente ohiak omendu dituzte.

Partiduaren hasieran Jose Antonio Zangituren omentzeko minutu bateko isilunea egin da Ibarra futbol zelaian. Epaile moduan urte askoz aritu zen Zangitu UDAn, eta astebururo ere Ibarran izaten zen UDAzale amorratu gisa, taldea animatzen. Harmailetan zutik jarri dira hainbat zale Zangituri agur esateko. Hunkigarria izan da partidu aurreko minutua.

Jose Antonio Zangitu.

Partidua erritmo motelarekin hasi da, hala ere, bi faltaren ondorioz, bi txartel hori jaso, eta Txino kaleratu du epaileak, txartel gorria aterata. Hala, jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan dira aretxabaletarrak. Hala ere, bigarren zatian, andoaindarren aurretik jarri dira, eta erraz irabazi dute.

Lehenengo gola, 55. minutuan iritsi da Iagoren eskutik. Erdiraketa bat bizkarrarekin errematatu du, nolabait, eta hala jarri dira aurretik markagailuan. Lehenengo goletik, segidan, 59. minutuan iritsi da bigarrena. Josuk jaurtiketa egin du eta baloiak zutoinean  jo ondoren sareetara sartu da. Hirugarren gola, berriz, 83. minutuan iritsi da. Unanue atezainaren aurrean bakarrik geratu da, eta ez du barkatu. Partidua amaitzeko, laugarrena ere sartu du Unanuek, Cebrinoren erdiraketa baten ostean. Hala, 4-0 amaitu da partidua.

Atsedenaldian omenaldia

Atsedenaldian, UDAren 75. urteurrenaren barruan, presidente ohiak omendu dituzte. Taretean izan dira urrezko intsigniak ematen Agurtzane Elkoro, gaur egungo UDAko presidentea, eta Unai Elkoro, Aretxabaletako alkatea. Honako hauek irten dira berdegunera, aitortza jasotzera: Roberto Urreta, Javier San Miguel, Jesus Mari Isasmendi, Alberto Arkauz, Iñigo Olabe, Manolo Zubillaga, Jose Ángel Etxeberriarteun, Martin Garay, Jokin Antxia, Eduardo Altube, Juan Mari Enekotegui, Adrian Merino eta Eloy Uriarte (ezin izan da bertan izan).

Hala ere ez dituzte ahaztu hilda dauden presidenteak: Jose Mari Errasti, Bixente Etxandia, Juan Luis Izaguirre , Jose Urtubi, Juan Antonio Martinez de Aguirre, Juan Antonio Garmendia, Deunoro Bengoa, Miguel Igartua eta Joxe Olabe.

Mondrak galdu, Bergarak irabazi eta Aloña Mendik berdinketa

Mondrak partidu zaila zuen aurretik, izan ere, Touring liderraren aurka jokatu du, eta etxetik kanpo, gainera. 3-0 galdu du sailkapenean lehenengo postuan dagoenaren aurka. Hala ere, sailkapeneko laugarren postuan dago 49 punturekin, UDArekin berdinduta.

Bergarak, berriz, 1-0 irabazi du Real Union talde irundarraren aurka. Etxean jokatu dute bergararrek, eta Xabi izan da golegilea. Hala, sailkapenean zazpigarren postuan daude goiko postuetara begira.

Aloña Mendik, aldiaz, etxetik kanpo jokatu du Amaikak Bat taldearen aurka. 2-2 eginda puntu bakarrekin bueltatu dira oñatiarrak etxera.

Erlazionatuak

Presidente ohiak omendu ditu UDAk

Miren Arregi Amasorrain 2022 api 03 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak