Gogotsu edo urduri kontzerturako?
Gogo handiarekin, baina urduri ere bai, nire lehenengo kontzertua delako neure kantak aurkezteko. Eta gainera, herrian bertan; hortaz, erantzukizun handia dut.
Eskarmentu handiko musikariek egingo dizute lagun.
Bai; Raul Vera diskoaren ekoizlea etorriko da, batetik, eta, bestetik, Gasteizko ikastetxeko neure irakasleak batu dira proiektura. Niretzako luxua da halako eskarmentua duten bost musikarirekin jardutea oholtzan.
Orain arte egindako ibilbidearekin gustura zaude?
Bai; pozik jendearengandik jasotako erantzunarekin. Bi bideoklip atera ditut, eta orain, zuzenekoak ematen hastea da nire nahia, publikoaren erantzuna bertatik bertara ezagutzeko; hortaz, ea aukera dudan abiatuko dudan bide honetatik jarraitzeko.
Disko laburra da argitaratu duzuna.
Bai; bost abesti ditu. Hortaz, horiek abestuko ditut kontzertuan, eta gainerakoak bertsioak izango dira.
Diskoko abesti guztiak zeuk sortutakoak dira?
Bai, musika zein letrak sortu ditut neuk. Eta gero, instrumentuendako moldaketak Raul Verak egin ditu, aberastu egin ditu.
Hortaz, disko oso pertsonala da, eta emanaldia ere hala izango da.
Bai, kanta oso neureak dira, neure bizipenak, fantasiak eta desioak jaso ditut horietan.
Zelan animatuko zenituzke herrikideak kontzertura joan daitezen?
Musikariak oso onak dira; hortaz, horregatik bakarrik merezi du. Pop eta rock doinuak izango dira nagusi, eta neure kantuekin batera euskal kanta batzuk eta beste hainbat oso ezagunak eskainiko ditut; Zarama eta Los Piratas taldeenak, esaterako. Neure gustuko musika da, noski, baina nik uste dut entzuteko oso atsegina dela, edozein adinetarako egokia. Aretoa ia beteta egongo da, eta hori jakinda bakarrik pozik nago.