'Flow'-z betetako koreografiak Ibarra kiroldegian

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 24a, 11:35

2019an egindako Fun Dantz jaialdian, talde bat dantzan.

Hemeretzi dantza-talde arituko dira zapatuan ibarra kiroldegian egingo den Fun Dantz dantza urbanoen jaialdian. 18:30ean hasiko da ikuskizuna, eta irabazleek Barakaldon egingo den BreakOnStage jaialdian parte hartzeko aukera izango dute.

2021eko etenaldiaren ondoren, Fun Dantz dantza urbanoen jaialdia Aretxabaletara itzuliko da. Martxoaren 26an, zapatu honetan, ospatuko da, Ibarra kiroldegian, eta kantxan muntatuko duten eszenatokian dantzari apartak batuko dira, beraien ezagutzak eta erritmo, pauso eta
koreografia landuak eskaintzeko. Lehiaketa formatuan, bi kategoriatan banatuko da: absolutua, 16 urtetik gorakoentzat; eta juniorra, 15 urtetik beherakoentzat. Talde bakoitzak gehienez hiru minutuko koreografia bat aurkeztuko du, eta irabazleek BreakOnStage jaialdian parte
hartzeko aukera izango dute.

Hemeretzi talde, guztira

Hemeretzi talde izango dira, guztira, lehiaketan parte hartzen. Bamboo (Donostia), Breathless (Iruñea), The Factory (Bilbo), Muses (Gasteiz), D 'Flow (Atarrabia) eta Bergarako Camden Town akademiako hiru ordezkari kiroldegian bilduko diren talde aipagarrienen artean daude. Horietatik hamalau maila absolutuan eta gainerako bostak, juniorretan.

Hori horrela, publikoak dantza urbanoen estilo ezberdinez gozatu ahal izango du, gehienez hiru minutuko iraupena izango duten koreografien bitartez. Irabazleek, dirua eramateaz gain, maiatzaren 21ean Barakaldoko hainbat agertokitan egingo den BreakOnStage jaialdian parte hartzeko aukera izango dute.

Erakusleiho aparta

Fun Dantz ekimenaren lehen edizioa 2014an izan zen, BreakOnStage Hiri Kulturen Nazioarteko Jaialdiaren eta Aretxabaletako Udalaren arteko lankidetzaren ondorioz. Beraz, Euskal Herriko dantza urbanoen talde onenen erakusleiho bihurtuko da Ibarra kiroldegia zapatuan. Edizio honetan, gainera, epaimahaia dantza urbano eta garaikideko hiru adituk osatu- ko dute: Alberto Pardok (Allstyle), Sarak (Vogue, dance hall-a) eta Carminak (hip-hopa), eta jaialdiari irekiera emateko hirurek dantzatuko dute.

Ikuskizuna 18:30ean hasiko da eta 70 minutu iraungo du. Sarrerak bost eurotan salgai daude, eta Arkupen eta Aretxabaleta.eus webgunean erosi daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak