Badatoz urteurrena hauspotzeko ekintzak

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 18a, 10:26

Tomas Alzola, seme-alabek, ilobek eta UDAko ordezkariek inguratuta.

UDAren 75 urteak ospatzeko antolatutako hainbat ekitaldi atzeratu beharrean izan dira, baina datozen asteetan ekingo diete horiei; tabernetan kirolarien solasaldiak izango dira, presidente ohiak omenduko dituzte eta jaiegunak antolatu.

UDAren 75. urteurrena behar bezala antolatzeko sortutako taldea buru-belarri dabil lanean azken hilabeteetan. Agurtzane Elkoro presidenteak eta zuzendaritza batzordeko kide Dorleta Ezeizak eta Ainara Mugak osatzen dute taldea, eta horiekin batera daude Ibon Perez de Labeaga futbol jokalaria eta UDAren bueltan jardundako Adrian Merino, Angel Zubillaga, Jokin Antxia eta Ibai Zangitu.

75. urteurrena antolatzeko sortutako taldeko hainbat kide.

Kurtzebarri mendiaren argiztapenarekin jarri zuten abian ospakizunez betetako urtea, irailean, eta, osasun egoeraren ondorioz hainbat kontu atzeratu beharrean izan badira ere, martxoan berriro hartu dute martxa ekitaldiek. "Urtearen helburua da ospakizun bat izatea 75. urteurrena, jai bat, baina osasun egoera honek zaildu egin du. Poliki bada ere, bagoaz aurreikusitakoa betetzen", azaldu du Elkoro presidenteak.

Tomas Alzolari omenaldia

Martxoan, hain zuzen ere, UDAko lehenengo futbol taldeko jokalari izandako Tomas Alzola omendu dute. 1946-1947 denboraldian, Juventud Deportiva Aretxabaleta izenarekin eratu eta Iturripeko futbol zelaian jokatzen zuen talde hartako kide izan zen Alzola. Arrasaten bizi da 98 urteko futbolari ohia eta urrezko intsignia eta lore-sorta jaso zituen etxean, UDAko hainbat ordezkariren eskutik.

Tomas Alzola lore-sortarekin, semeak intsignia eskuartean duela.

Apirilaren 3an, beste omenaldi ekitaldi bat izango da; presidente ohiei egingo diete aitortza, Ibarran: hamahiruri, hain zuen ere.

Maiatza, ekitaldiz beteta

Herriaren hauspoa leloa duen urteurrena aretxabaletarrek dagoeneko barneratu dutela uste du Elkorok: "Ikusi besterik ez dago Aratusteetan zenbat kuadrilla mozorrotu ziren UDA gai hartuta. Adierazgarria da hori". Dena den, gaineratu du hemendik aurrerako ekitaldiekin are eta gehiago ikusiko dela urteurrena kalean.

Tabernetako solasaldi-sortari emango diote hasiera martxoaren 31n. Hilean behin egingo dituzte, eta lehenengoa Dagdan
izango da: Ainhize Barrainkua
eta Markel Uriarte txirrindulariek euren bizipenen berri emango dute, Lekaixoka bertsolari eskolakoek egindako galderei erantzunez.

Maiatzean izango dira Liga Genuinen diharduten taldeen partidua eta areto futbolak antolatutako jaia, besteak beste.

Apirilaren 30ean, ostera, Leixargarateko aterpetxearen 50. urteurrena ospatuko dute, Arrasateko Besaide mendizale taldearekin batera: "Erakusketa txiki bat egongo da, omenaldiak ere bai, eta aterpetxea ezagutzeko ate irekiak".

Maiatza ere bete-betea etorriko da, eta aipatzekoen artean daude honako hauek: Liga Genuinen diharduten futbol taldeen partidua, hilaren 8an; areto futbol taldeak antolatutako jaieguna, 14an; eta orain dela 50 urte afizionatu mailako Espainiako txapeldun izandakoei omenaldia, 22an. Horiez gain, argazki erakusketa eta kirolarien arteko solasaldia ere izango dira.

Ekainaren 4an egingo den UDA Egunak borobildu egingo du urtea, eta orduan, kirolak, musikak eta herri bazkariak bat egingo dutela aurreratu dute.

Era berean, irailerako antolatuko duten mendi lasterketa nabarmendu dute, aditzera emanaz geratzeko datorrela. Baita Andramari jaietako txirrindulari lasterketa ere, ekitaldi bereziren bat egingo delako.

Plan estrategikoa, garatzear

Urteurrena kirol lorpen batekin borobildu gura duten galdetuta ez dela samurra izango dio presidenteak: "Iaz baino 25 kirolari gehiago ditugu, eta hori da guretzako lorpenik handiena".

Era berean, aurreratu du Realarekin batera balioetan oinarritutako plan estrategikoa garatzen hasiko direla 2025era begira: "75 urte iraun dugu, baina beste horrenbeste bete behar ditugu". 70 bat kidek hartuko dute parte lanketa horretan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak