Hiru emakume arrasatearren pintura lanekin bete da Arkupeko erakusketa aretoa eta martxoa bukatu artean izango dira han. Eskarmentu handiko margolariak dira, eta han eta hemen erakutsi izan dituzte pinturak. Oraingoan, aretxabaletarrei estilo erabat askotariko lanak erakusteko bat egin dute eta oso pozik agertu dira emaitzarekin; horregatik, herritarrak gonbidatu dituzte erakusketa ikustera.
Mendi zurituak
Paisaiak gustuko dituen Amaia Aranzabalek margotutako azken akuarelak jarri ditu ikusgai:
"Udazkenean hasi nintzen Pirinioetako mendiak margotzen. Paisaia horietan pertsonak irudikatzea pentsatu nuen, eta mendi zurituak margotzea erabaki, elurrak eskaintzen dituen aukerei etekina ateratzeko asmoz: argiaren kontrastea, gizakiaren esfortzua, mendiaren bakardadea... Horiek guztiak erakutsi gura nituen, eta uste dut lortu dudala".
Errealismotik abstrakturantz
Arantza Baskaranek, ostera, olioa lantzen du, eta, horregatik, hainbat tamainatako olio lanak jarri ditu aretoan; txikienek, zortzi koadro, bilduma bat osatzen dutela adierazi du. Errealismotik abstrakturantz egin zuen salto orain dela urte batzuk Baskaranek, eta eboluzio horren berri eman du: "Figuratiboarekin hasi nintzen, aspaldi, baina gero, abstraktura egin nuen salto. Eta oso gustura nabil". Hain zuzen ere, horrek bete egiten duela adierazi du: "Ni eta koadroa bakarrik gaude, ez dago beste ezer; batzuetan, ni neu ere harritu egiten naiz sortutakoarekin. Honaino iritsi naiz eta oso pozik nago".
Oteizaren apostoluak
Oteizaren Arantzazuko apostoluak margotu ditu Matilde Sainzek: "Figurak, dimentsio bikoitzekoak edo gehiagotakoak, plano batera ekarri eta irudikatu nahi izan ditut". Bukatu gabeko itxura dute askok: "Oteizak halako garrantzi handia eman zion hutsunea irudikatu nahi izan dut, zerbait erdi bukatua egin; marrak ondo islatu eta figurak iradoki".
Pozik dago erakusketak hartu duen itxurarekin: "Bata figuratiboa, bestea abstraktua, eta nirea, tarteko zerbait. Izan ere, nire lanak Oteizaren figuren interpretazio bat dira, bai koloretan, bai formetan. Oteizak zioen, gainera, haitzetan daudela apostoluetan erakutsitako forma horiek, eta nik ere bi margolanetan haitzen formak erakutsi ditut".