Aretxabaleta kirol elkarteak antolatutako txapelketa errotuz doa, eta, bikote kopuruak gora egin ez badu ere, aurreko aldietako jokalariek gustura hartzen dute parte: "Giro polita egon da eta parte hartzaileek oso pozik jokatu dute". Zapatuko norgehiagoken ostean, lau bikotek egin zuten aurrera; horien artean, aretxabaletar bakarrak, Ibone Arrietak eta Lierni Zangituk osatutakoak. Baina beste konpromiso batzuk tarteko domekan ezin izan zuten jokatu.
Hala, azken fasean Goierriko bi bikote Elgetako beste biren aurka izan ziren nor baino nor gehiago. Finalera iritsi ziren Rubio eta Mañarikua eta Imaz eta Ezeolaza, eta elgetarrak nagusitu ziren, 22-12 irabazita.