Aurreko zapatuan legez, herriko bolatokia jokalariz bete da gaur eguerdian. Ia 40 lagunek hartu dute parte Sarek antolatutako txapelketan, eta eguraldi kaskarra izan bada ere umore onak eta lagun giroak ez dute hutsik egin. Jokalari aretxabaletarrak izan dira gehiago, baina, oraingoan ere gerturatu dira Elgetatik, Eibartik eta Markinatik, besteak beste.
Behin bola-jaurtiketak bukatuta hiru jokalariren arteko berdinketa izan da seina txirlo jota. Berdinketa hausteko botaldian sei txirlo jo ditu Goio Arrietak, hiru Sebas Aranzabalek eta bat ere ez Jesus Agirrek. Hala, txapela eta jasotako diruaren erdia izan dira Arrietarentzat; xanpaina eta diruaren %30 Aranzabalentzat; eta botila bi ardo eta diruaren %20 Agirrerentzat.