Emakumezkoen frontenis txapelketa antolatu du UDAk zortzigarrenez, Martxoaren 8aren bueltan. Hamar bikotek eman dute izena eta norgehiagokak bihar eta etzi goizean jokatuko dituzte, Iturrigorri pilotalekuan.
Bi multzotan banatuta
Bi taldetan multzokatu dituzte hamar bikoteak, eta bihar, zapatua, 08:00etan hasita, talde bereko guztien aurka jokatuko du bakoitzak. Lehenengo bi postuetan sailkatutakoek domekan jarraituko dute txapelketarekin.
Finalaurrekoak 10:00etan hasiko dituzte eta finala 11:30ean jokatuko da. Partiduak 25 tantotara izango dira.
Pilotalekurako gonbidapena
Txapelketan jardungo duten lau bikote aretxabaletarrak dira, eta gainerakoak, inguruko herrietakoak; Elgetakoak eta Elorriokoak, esaterako. Partiduak bertatik bertara jarraitzera gonbidatu dituzte herritarrak, "giro polita" izango delako pilotalekuan.