Ixadebalde azoka gertu martxoaren 3an hasteko

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 2a, 09:30

Hainbat herritar dendaren aurrealdean jarritako postu baten dagoen arropari begira.

Hamaika merkatarik hartuko dute parte eta saltokien aurrealdean, herritarren eskura, izango dituzte merkatutako produktuak, hala nola oinetakoak, arropak eta jatekoa, hurrengo eguenean eta egubakoitzean egun osoz eta zapatuan goiz partean.

Aretxarte merkatarien elkarteko kideak Ixadebalde merkealdien azokari begira jarrita daude azken egunotan. Martxoaren 3tik 5era bitartean, udazkeneko eta neguko jeneroa aterako dute gehienek saltokien aurrealdera, eta jatekoa ere bai beste batzuek.

Hamaika merkatari

Hamaika merkatarik egin dute bat 2022ko lehen Ixadebalde azokarekin. Arropak, osagarriak eta oinetakoak eskainiko dituzte besteak beste, honako hauek: Amaia ume denda, Asensio, Belar Meta, Haurrak, Kilima, Titare, Almila Shop, Tak eta Zubia. Eta jatekoa eta edatekoa izango dute, Kilokak eta Hankabeltz urdaitegiak.

Aurreko aldietan legez, eskaintza "politak" dituztela herritarrendako iragarri dute: "Kalitateari eutsita prezio ezin hobeak eskainiko dizkiegu". Haurrak dendako Silvia Alvarezek onartu du sasoi "zaila" izan dela, eta orokorrean, jenero asko geratu dela dendatan: "Azokak hori ateratzeko aukera emango digu". Horregatik, aprobetxatzeko dei egin die aretxabaletarrei.

Zozketak bezeroen artean

Saltokien aurrealdean jarriko dituzte produktuak hiru egunetan: martxoaren 3an eta 4an goizez –10:00-13:00– eta arratsaldez –16:30-20:00– eta 5ean, zapatuan, goizez –10:00-14:00–.

Oraingoan, ez dute antolatu kalea girotzeko ekitaldirik, baina opariak bai, horiek izango direla aurrekoetan legez iragarri dute. Merkatari bakoitzak 50 euroko bonuak zozketatuko ditu erosketak egin dituzten bezeroen artean, Ixadebaldek ateak itxitakoan.

Merkatarien iritziak

Uxue Eraña (Belar Meta jantzi denda): "Beherapenen ondoren geratutako arropa kentzea komeni zaigu jenero berriari lekua egiteko; hortaz, azoka oso ondo datorkigu".

Alberto Asensio (Asensio jantzi denda): "Beherapenetako arropak aterako ditugu; ekonomikoki ez da errentagarria, baina jeneroa kentzeko egokia bai. Gainera, kaleak girotzen ditu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak