"Aireportua jotzen dabiltza. Sua eta kea ikusten ditut eta entzun egin dut: pun, pun, pun"

Mirari Altube Arrese 2022ko ots. 25a, 15:23

Urte askoan etorri da Natasha Zhyvotoska ukrainarra Aretxabaletara, Txernobilen Lagunak elkartearen bitartez. Morales-Elorza familiarekin pasatu ditu hainbat uda, eta etxeko beste bat da haientzat. Atzo egoeraren kontakizuna egin zieten –audioan jasotakoa–, eta, gaur eguerdian, berriz hitz egitea lortu dute harekin. Ezkutatuta baina onik dagoela jakinarazi diote.

Abuztuan 21 urte egingo ditu eta Kievetik ordubetera bizi da, herri txiki batean. Atzo goizean, errusiarrak gero eta gertuago zeudela sumatuta, hainbat mezu bidali zizkion Zhyvotoskak Aretxabaletako familiari hango egoeraren berri ematen. "Bonbardaketak gertu entzuten zituen, aireportuan sua… Berri benetan latzak", adierazi du Anabel Elorzak –Zhyvotoskaren kontakizuna audioan jasota dagoena da–.

Ordutik ez zuten haren berririk, eta, Whatsappean ere sartu gabe zegoela ikusita, oso kezkatuta eta urduri egon direla azken orduetan onartu du. Gaur eguerdian, baina, lortu dute harekin berba egitea eta zertxobait lasaitu dira: "Garaje batean, lurpean, daudela ezkutatuta esan digu, eta jateko bila etxera joan denean jaso du gure deia. Internet barik daude eta etxeko hormak mugituta daudela igarri du". Oso beldurtuta antzeman dute eta zelan dagoen galdetuta bi berba errepikatzen dituela adierazi du Elorzak: "Bizirik nago. Bizirik nago".

Ospitale militarretik ezin irtenda ama

Txernobilen Lagunak elkartearekin hartu-emanean dago Morales-Elorza familia. Izan ere, handik ekarri nahiko lukete gaztea, baina hori oso zaila dela une honetan diote. Zhyvotoskaren izeba batek Poloniara alde egin du; berak, ostera, herrian geratzea erabaki du oraingoz. Ama erizaina da ospitale militar batean eta jakinarazi diote hemendik aurrera ez dutela baimenduko ospitaleko irteerarik: "Oso kezkatuta dago amagatik. Eta bertan geratzearen alde egin dute aitak eta berak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak