Urkulutik abiatu eta Oñatiko mugetara gerturatuko dira Loramendi elkarteko Toponimia taldeko kideak hamabigarren ibilaldian. Otsailaren 19an izango da hori, zapatua, eta herritarrak bertara gonbidatu dituzte; 09:00etan da hitzordua Urkulu urtegiko horman eta autoz gerturatu gura dutenak 08:45ean egon beharko dira Otalako aparkalekuan. Oinetako egokiak janztea gomendatu dute eta bakoitzak hamarretakoa eroatea.
Kortaburu, Arriurdiñeta, Txurleku, Gorordo eta Urrexolagaraitik pasatzen den ibilbidea zehaztu dute, zortzi kilometro eta erdikoa. Ohi legez, kontu-kontari joango dira Toponimia taldeko kideak eta erlezainen, korten, mairuen eta leinuen arteko borroken istorioen berri emango dute. Horregatik, lau bat orduko goiz-pasa izango dela iragarri dute.
Toponimia taldeak antolatutako azken ibilaldia da; aurretik, Aretxabaleta erdigunea zein inguruko auzo guztiak pasatu dituzte, baita Urkulu, Kurtzebarri eta Degurixa ere.