Ingurumena babestu eta zaindu beharraz sentsibilizatzea du helburu Udalak urtero antolatzen duen egun horrek eta zuhaitzek hiri inguruneetako bizi kalitatean duten garrantzian jarriko da arreta oraingoan ere.
Bi gunetan banatuta hamabost zuhaitz landatuko dituzte; horietako hamabi Ibarra futbol zelai inguruan: haritz bat –quercus robur–; likidanbar espezieko bederatzi kimu; urki bat –betula verrucosa alba– eta aligustre bat –ligustrum–. Beste hirurak haritzak izango dira eta Otala Zelain topatuko diete lekua. "Eremu horretako zuhaitz batzuk zahartzen eta gaixotzen dabiltza eta poliki-poliki berriak landatu beharko dira baso horrek bere horretan iraun dezan", azaldu du Unai Elkoro alkateak. Domeka horretarako ustelduta dauden hirurak bota egingo dituzte eta zuloak gertatu landatzeko. Gaineratu du ez direla izango dezenteko kimuak izango direla.
Ibarrako sarreran haritza
Zaintzari garrantzia eman nahirik sustatu du UDAk ekimena. "Kiroletik harantzago joan gura dugu sarri esan izan dugun moduan eta zaintzari garrantzi handia ematen diogu, pertsonaren zaintzari zein haren bueltako guztiari", adierazi du zuzendaritza batzordeko kide den Dorleta Ezeizak. Landatuko den zuhaitzetako bat nabarmendu gura izan du: "Futbol zelaiaren sarreran jarriko da haritz bat". 16-18 zentimetro inguruko zirkunferentzia izango du horrek eta elkartearen 75 urteei egingo dio keinu.
Otsailaren 20an, 10:00etan egin dute hitzordua Ibarran, eta handik Otala Zelaira joango dira: "Futbol eskolakoei dei berezia egingo diegu anima daitezen. Otala Zelaitik bueltan landatuko ditugu Ibarra inguruan". Ekitaldian edonork parte hartu hala izango du eta bukatutakoan, mokadutxoa eskainiko diete lanean jardundakoei.