Zinema proiektorea erosi du Udalak. Dagoeneko instalatu dute Arkupeko Zaraia aretoan eta hil honetan estreinatuko dute, zinema komertzialeko sei film eskainita eta dokumental bat.
Azken urteetan zinemaren zerbitzua kontratatu egin du Udalak, baina orain, proiektore bat jabetzan izatea erabaki du, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak adierazi duenez: "Zinema programazioaren kudeaketa publiko egokia bultzatzeko eta kultura eskaintzaren kalitatea hobetzeko". Udalak 35 milimetroko proiektore analogikoa badauka, baina orain dela urte batzuk zinema digitalizatuak ordezkatu zuen euskarri filmiko klasikoa, eta ekipo hori ez da erabiltzen.
Aving Systems SL enpresari erositako ekipamenduak 45.000 euroko kostua izan du, eta Udaletik azaldu dutenez CP2308 Christie modelokoa da, "erabilerraza eta elektronika aurreratuarekin". Filmak programatzeko, ostera, kontratazio zuzena egin dute apirilera arte, baina datozen lau urteetarako kudeaketa esleitzeko lehiaketa arautuko duten pleguak lantzen hasi dira.
Egitaraua:
Otsailak 4-5-6-7
- • El método Williams
- • Ilargirantz
Otsailak 11-12-13-14
- • En un muelle de Normandía
- • ¡Canta! 2
Otsailak18-19-20-21
- • Belfast
- • Clifford
Otsailak 17 (19:00)
- • Aita Mari dokumentala.
Helduendako filmak: egubakoitzetan (22:00), zapatu eta domekatan (19:30) eta astelehenetan (16:00) ematen dira. Umeendakoak, ostera, zapatu eta domakan (17:00).
Eñaut Zubizarretaren kontzertua
Zinemaz gain, antzezlanek ere izango dute tokia Zaraia aretoan. Otsailaren 18an, eRRe. Aldarri bat bertsoz eskainiko dute, arte eszenikoak eta bertsoak uztartzen dituen ikuskizuna (40. orrian informazio gehiago). Eta hilaren 26an, Panta Rhei konpainiaren Noa, uy, uy, uy haurrentzako ikuskizuna dator.
Musikari dagokionez, kontzertu bakarra izango da, aretxabaletar baten eskutik: Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzaileak Trigger proiektuaren baitan argitaratutako Poliedro Vol.1 lana aurkeztuko du hilaren 25ean. Han eta hemen dabil Zubizarreta kontzertuak eskaintzen, eta egunotan bideoklip berria kaleratu du.
Liburutegiak, berriz, Lupe Lekuona ipuin kontalaria gonbidatu du Animalien ipuinak eskaintzeko umeei. Otsailaren 16an izango da eta izen-emate epea astelehenean irekiko dute.
Erakusketa aretoan, ostera, Marga Zubia Lezeta arrasatearraren margolanak egongo dira ikusgai gaurtik hilaren 28ra bitartean.
Sarrerak online ere bai
Kultur ekitaldietarako sarrera guztiak, zinema barne, salgai daude, aurrez aurre Arkupen eta baita online ere, www.aretxabaleta.eus webgunearen bidez