Egin dezagun dantza izenekoarekin hasi eta Bueltan da-rekin amaitzeraino, kantuz kantu, aretxabaletarren eta ingurutik azkoitiarrak ikusi eta entzutera joandakoen beroa jaso zuten atzo iluntzean Bulego taldekoek. Gozatu ederra hartu zuten zaleek, taldeak, bere abestien bitartez, transmititutako energia positiboarekin.
Saioa hasterako eskatu zien abeslariak kanpoan gertatzen zenaz ahaztu eta disfrutatzeko, eta hala egin zuten. Amaiera aldera, ohi bezala, bisak eskatu zituzten, eta bere abesti ezagunenetako birekin amaitu zuen Bulegok saioa.
450 lagun inguru batu ziren Ibarra kiroldegian, eta taldeak eskerrak eman zizkien, kontzertuetara joanda "euskal kultura eta euskara" babestearren.