'Covid ziurtagiria'-ren aurkako sinadurak batzen dabiltza

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 20a, 15:45
Bizitzakideak taldeak deituta egindako elkarretaratzea, abenduan. (Argazkia: Bizitzakideak)

Bizitzakideak taldekoek mahaia jarriko dute egubakoitzean Herriko Plazan, 16:30etik 17:30era bitartean. Internet bidez ere sina daiteke.

Bizitzakideak taldea sortu zuten Gabonen bueltan hainbat aretxabaletarrek, COVID ziurtagiria-ren derrigortasunak kezkatuta. Urtarril hasieran Arrasaten egindako manifestazioarekin bat egin zuten, eta aste honetan sinadurak batzen dihardute; gaur, egubakoitza, Herriko Plazan jarriko dute mahaia (16:30- 17:30).

Bizitzakideak taldekoek adierazi dute "jendartean zatiketa eta sektore baten bazterketa" eragiten duen neurria dela ziurtagiriaren derrigortasuna, "zerbitzu publikoetatik, kultur eta kirol ekintzetatik, osasun publikorako sarbidetik, zaharren egoitzetatik, ostalaritzatik… kanporatzen dituelako" txertatuta ez daudenak edo beste arrazoiren batengatik ziurtagiririk ez dutenak. "Herritarrak diskriminatzen" direla uste dute, "jendarteko sektore baten kriminalizazioa bultzatuz". Gaineratu dute oinarrizko eskubide batzuk zapaltzen direla eta hainbat lege urratzen dituela.

Txertatu gabeak zein txertatuak gonbidatu dituzte adierazpena sinatzera, "herritarren arteko berdintasuna defendatzeko eta oinarrizko eskubideen zapalkuntza salatzeko". Internet bidez ere egin ahal izango da, eta horretarako zein zalantzak argitzeko, honako helbide honetara idatz daiteke: bizitzakideak@ gmail.com. Bilketa gaur bukatuko dute eta jasotako sinadurak udaletxean aurkeztuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak