Hipnosia talde berrian musika eskolako bi kide

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 15a, 10:45

Taldeko kideak, Emilio Vazquez atzean dela, eta Juan Carlos Calvo, eskuinean. (Argazkia: Hipnosia)

Eskarmentu handiko musikariak eta irakasleak dira Emilio Vazquez eta Juan Carlos Calvo, Akerbeltz erromeria taldeko kideak, eta pandemia sasoian talde berria eratu dute eta diskoa kaleratu; rock doinuak hartu dituzte ardatz kantuak sortzerakoan.

"Garai zailak" bizi dituzte musika taldeek, eta garaiotara egokitu beharrean izan dira asko eta asko. Akerbeltz erromeria taldeko hainbat kidek, esaterako, Hipnosia talde berria eratu dute, eta izen bereko diskoa kaleratu. Talde horretan Leizarra musika eskolako bi irakasle daude: Juan Carlos Calvo eta Emilio Vazquez. Hain zuzen, azken horrek sortu ditu disko berriko kantu guztien doinuak eta askoren letrak.

Hamaika abesti

Basaurikoa da Calvo eta lau bat urte daramatza Aretxabaletako musika eskolan baxua irakasten; Vazquez, ostera, Erandiogoikokoa da eta dagoeneko hamaika urte daramatza gitarra eskolak ematen. "Biok gara Akerbeltz taldeko kide, eta ez dugu alboratu, baina dantzan egin bako erromeriarik ez dago; hortaz, geldi gaude, oraingoz", azaldu du Vazquezek. Hala, konfinamendu sasoian abesti batzuk sortu zituen eta entseguetara itzultzerakoan gainerako taldekideei aurkeztu zizkien: "Abestiak erakutsi eta taldea sortu zen". Hamaika abesti jaso dituzte Hipnosia lehen diskoan: "Laboaren bertsio bat ere sartu dugu, Ihesa zilegi balitz, erreferentea delako Laboa. Gainerakoak geureak dira eta rock doinuak dituzte oinarri guztiek, baita ukitu elektronikoa ere". Eta abesti guztiak euskaraz sortzearen alde egin dute.

Vazquezekin eta Calvorekin batera Naia Fernandezek eta Miriam Merinok osatzen dute taldea, eta borobiltzeko, Sutan taldeko Alain Gutierrez fitxatu dute abeslari.

Durangoko Azokan aurkezpena

Durangoko Azokan aurkeztu zuten diskoa: "Kontzertuarekin gustura geratu ginen; 60ren bat lagun elkartu ziren, eta gu pozik, kontuan hartuta eguneko azken orduan izan zela".

Urte berria kontzertuekin hasteko asmoa zuten; izan ere, hilaren 8an ematekoak ziren lehenengoa, baina neurri murriztaileen ondorioz bertan behera utzi dituzte guztiak: "Berriro ere geldi gaude. Gure itxaropena da otsailetik aurrera sortzea aukera berriak, baina inork ez daki zer gertatuko den, eta eskuak lotuta ditugu. Gu zuzenean jotzeko gogotsu gaude".

Hona hemen Ergela abestiaren bideoklipa: 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak