Bedarretako lau kaletako espaloietako hamasei puntu egokituko dira errepidearen mailara jaitsiz. Gainera, ibilbide irisgarriagoa lortzeko, baldosa botoidunak jarriko dituzte, ikusmen urritasuna dutenei laguntzeko. Eta lanak aprobetxatuta zebra-bideak margotu egingo dituzte. Bestalde, oinezkoentzako pasabide altxatua egokituko dute Lausitta biribilgunearen ondoan, kale hori Txarapea ibilbidearekin lotzeko.
Xabier Otxoa Hirigintza zinegotziak balioa eman die "lan txiki" horiei: "Txikiak diruditen arren, gure herria oinezkoentzat atseginagoa eta erosoagoa izatea ahalbidetzen dutelako".
Excavaciones Arrasate enpresari esleitu dizkio lanak Udalak, 53.974 eurotan, eta sei astean bukatuko dituzte. Egiten ari diren lanak 2021eko aurrekontuen kontura ordainduko dituzte.