Musika mundura iritsi berria da Mikel Zamora aretxabaletarra –40 urte beteta hasi baitzen gitarra eskolak jasotzen eta kantuan– baina barruko harra ezin ase dabil orain, eta gero eta gogotsuago dihardu lanean. Bost kanturekin osatutako Mikel Zamora PR izena duen diskoa kaleratzear dago: "Diskoak ez du izenik. Neure izena jarri dut eta gero ibilbide laburren sinboloa erabili. Horrek badu bere azalpena; batetik, bizitza aldaketa erakusten du, hiritik herrira etorri izana bizitzera, eta bestetik, musikaren munduan daramadan ibilbidea oraindik laburra izanik ibilbide laburren sinboloa sartu gura izan diot".
Bideoklipa otsail bukaerarako
Lehen kantuaren bideoklipa, Quien me lo iba a decir, iazko urrian kaleratu zuen eta gustura dago hark izandako ibilbidearekin: "Erantzun onak jaso ditut eta pozik nago egindakoarekin". Orain bigarrena gertatzen dabil eta guztiz bestelakoa izango da, 2D animaziozkoa hain zuzen ere: "Gasteizko Tik Tak Animation dagoeneko hasita dago lanean, eta otsail bukaerarako zabaltzeko moduan izango dela uste dut".
Horretako, diru-bilketa kanpaina jarri zuen abian urtarrilaren 1ean eta 3.000 euro batu gura ditu: "Dagoeneko erdia baino gehiago bildu dut eta pozik nago. Egia da hasieran ekarpenak egitea ohikoa izaten dela, lagunek eta senideek orduan laguntzen dutelako, eta horregatik, orain beste batzuengana iritsi gura dut. Ea helburua lortzeko gai naizen". Diru ekarpenak egiteko Verkami plataforma barruan Mikel Zamora bilaketa egin behar da; eta zuzenean sartzeko lotura hemen. Otsailaren 10a izango da horretarako azken eguna. Ekarpenen truke sari bereziak prestatu ditu, gainera: "Diskoa, kamisetak, Areano landetxean egonaldiak deskontuekin, kontzertu akustikoak…".
Jarritako kopurua gaindituz gero pentsatuta du zer egin horrekin: "Kamisetak aterako ditut adibidez, eta diskoaren produkzioa ere hor dago. Hortaz, ondo-etorria izango da guztia". Izan ere, zaletasunetik abiatutako proiektua –bi kanta ateratzeko asmoa zuen– hazten joan da eta uste baino inbertsio potoloagoa egin behar izan du. "Benetan gustura geratu naiz abestiekin, eta irakasleek zein produktoreak animatu egin naute horiek zabaltzera. Era berean, barruan nuen musikarekiko zaletasun hori indartu zait".
Kontzertuak egiteko "gogotsu"
Bideoklipa etorriko da lehenengo, diskoa gero eta kontzerturik? "Hori gurako nuke, zuzeneko hartu-emana delako gustuko dudana, eta neure kantuak abestuz gero oraindik gusturago. Baina hankak lurrean ditut eta badakit ez dela samurra kontzertuak lotzea". Gasteizko eskolan irakasle dituenak egingo diote lagun kontzertuetan eta martxo inguruan baten bat izatea gurako luke.
Zamorak onartu du beldurrak eta segurtasun-falta gainditu behar izan dituela, baina ikasi du "inoiz ez dela berandu gustuko duzun horri heltzeko" eta buru belarri murgildu da proiektuan: "Ilusio handiarekin nabil eta ingurukoekin babesarekin aurrera noa".