Kultura ekitaldietarako sarrerak 'online' ere eros daitezke orain

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 11a, 08:00

'Tarara' antzezlaneko une bat.

Udalaren webgune –aretxabaleta.eus – barruan, Agenda ataleko Zaraia aretoko ekitaldiak loturan sartu behar da sarrerak erosteko. Dagoeneko eskuragai daude Porrotx eta Marimotots pailazoen Amaren intxaurrak ikuskizunerako sarrerak, Bulego taldearen kontzerturako eta Hika Teatroaren Tarara antzezlanerako.

Aste honetan jarri dute abian Kultura Sailak antolatutako ekitaldietarako sarrerak online erosteko aukera. "Sarreren erosketa erraztea", eta bide batez, "kultura herritarrengana hurbiltzea" ditu helburu horrek, eta Interneterako konexioa duen edozein gailutatik hartu ahal izango dira. Sarrera erosteko, aretxabaleta.eus webguneko Agenda ataleko Zaraia aretoko ekitaldiak loturan egin behar da klik; edukiera erakusten du eta butaka aukera daiteke bertan.

Kudeaketa gastuak direla eta, online sarrerek 10 edo 25 zentimoko errekargua izango dute, ikuskizunaren arabera, leihatilako salmenta prezioarekin alderatuta. Dena den, Arkupeko leihatilan ere lehen legez salduko dituzte sarrerak, aldez aurretik zein emanaldiaren egunean bertan.  

Bulego taldearen kontzertua

Kultura Sailak urtarrilerako gertatu duen egitarauaren barruan Bulego musika talde azkoitiarraren kontzertua dago. Erdian oraina lehen diskoa aurkeztuko du hilaren 22an, Ibarra kiroldegian, 19:00etan (sarrera: 5 euro). Pop doinuak lantzen dituen boskotea honako kideek osatzen dute: Tomas Lizarazu (ahotsa), Itziar Beitia (teklatua), Jon Larrañaga (baxua), Ruben Lizarralde (gitarra) eta Xabier Arrieta (bateria). Eta azken hilabeteetan, bereziki gaztetxoen artean, ezagun egin diren kantak eskainiko dituzte besteak beste, Bueltan da, Ezer ez da berdina eta Bagoaz.

Hika Teatroaren Tarara

Hika Teatroak, ostera, urtarrilaren 15ean estreinatuko duen  Tarara antzezlana ekarriko du Arkupera hilaren 23an, domeka, 19:00etan (sarrera: 5 euro). Agurtzane Intxaurragak zuzendutako lana da eta Kepa Errasti aretxabaletarrarekin batera, Sandra Ferrus, Jurdana Otxoa, Eneritz Artetxe, Jose Cruz Gurrutxaga, Adrian Garcia de los Ojos eta Iñar Sastre dira ikuskizun horretan lan egingo duten aktoreak. Josi Alvaradok idatzitako lanak –Arantxa Iturbek itzulita– barkamenari, adiskidetasunari eta amatasunari egiten dio gorazarre.

Pailazoak eta ipuin kontaketa, umeendako

Umeek Porrotx eta Marimotots pailazoen Amaren intxaurrak ikuskizuna izango dute –abenduaren 23an atzeratutakoa–. Urtarrilaren 20an, eguenean eta 21ean, egubakoitzean, bina emanaldi eskainiko dituzte (17:00etan eta 18:30ean), Arkupen (sarrera: 3 euro). Aretoaren edukiera %60ra murriztuta dago eta prebentzio-neurri gisa lau saio antolatu gura izan dute Kultura Saileko kideek, "joan den hilabetean bertan behera utzi ziren emanaldietarako erreserbatutako sarreren kopurua betetzeko". Eta jakinarazi dute hilaren 20ko emanaldietarako sarrerak geratzen direla oraindik.

Bestetik, urtarrilaren 19an, eguaztena, Petra ipurdian bost letra haurrentzako saioa eskainiko du Isabel Agirresorabe ipuin kontalariak Txiki-Txokoan, 18:00etan; izena aldez aurretik eman behar da liburutegian.

Naturaren leihoak erakusketa

Erakusketa aretoan, ostera, Itziar Azpiroz artista nafarraren Naturaren leihoak proiektua izango da ikusgai hilaren 31ra arte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak