Olentzero eta Mari Domingi, ohi legez, abenduaren 24an iritsiko dira. Harrerarik ez da izango, baina desfilea bai, kiroldegitik abiatuta (18:30). Udalak jakinarazi du pandemiari aurre egiteko segurtasun neurriak jarraituz egingo dela ibilbidea, eta ez dela egingo geldialdirik, ezta Herriko Plazako ekitaldirik ere. Txistulariek eta hogei bat lagunek zuziekin lagunduta ibiliko dira kalez kale, eta eskatu dute jende pilaketak saihesteko eta maskara erabiltzeko kalejiran. Umeek ez dute gutunak emateko aukerarik izango; horregatik, Arkupeko sarreran postontzia jarri dute. Bihar arte utzi ahal izango dira bertan.
Osasun egoerak ahalbidetzen badu formatu bera jarraituko da Bizarzuriren eta Errege Magoen desfilean.
Bertsoak, antzezlanak eta gehiago
Abenduaren 23an bertso-jaialdia izango da Arkupen (19:00) eta hango oholtzan elkartuko dira Ane Zuazubiskar –Ane Labakaren ordez–, Maialen Akizu, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluze –Unai Iturriagaren ordez– bertsolariak; gai-jartzaile lanetan, ostera, Ane Ezenarrok jardungo du.
Abenduaren 29an, gospel doinuekin beteko da Arkupeko Zaraia aretoa, The Spolem Girls taldearen eskutik (19:00). Eta Txalo Produkzioak konpainiak umorez betetako bi antzezlan ekarriko ditu datozen egunetan: hilaren 26an, Konpromisoa; eta urtarrilaren 2an, Losers. Biak dira 19:00etan.