Azken hilabeteetan espetxe politikan aldaketak eman izana agerikoa dela adierazi dute Aretxabaletako Sareko kideek: "Baina datuei begiratuz gero, ez gara hain baikorrak. Oraindik EPPKren erdia 200 kilometrotik gora dispertsatuta dago". Horregatik, lanean jarraitu behar dutela diote.
Gari Garcia Arrieta aretxabaletarra iazko azarotik dago Zaballan (Araba) baina bere graduaren progresioa guztiz blokeatuta dagoela adierazi du Txarli Garcia kideak: "Hori da guk aldarrikatzen duguna: Gariri eta gainerako euskal presoei, espetxe politika arrunta aplikatzea eta ahalbidetzea espetxe politika arruntak ematen dituen pausoak: graduen progresioa, baimen bereziak, baldintzapeko askatasuna…" Alacantetik Zaballara ekarri zutenean egin ziotela aldaketa, lehen gradutik bigarrenera, baina urtebetean ez duela besterik izan jakinarazi du: "Eta Garik betetzen ditu hirugarren gradua izateko baldintza guztiak; izan ere, datorren urtarrilean, 12 urte beteko ditu eta zigorraren erdia baino gehiago dauka beteta".
Kurtzebarritik plazara
Espetxe politika hau iraultzeko gizartearen aktibazioa beharrezkoa dela dio Sarek, eta giza eskubideak errespetatu arte eta elkarbizitza eta konponbidea lortu arte gizartea izatea protagonista gura du. Horregatik, abenduaren 31rako bi ekitaldi prestatu dituzte: herriko mendizaleek bat eginda Kurtzebarriko tontorrera igoko dira (11:00) eta talde argazkia aterako dute han. Eta iluntzean, musikariek lagunduta, elkarretaratze berezia egingo dute Herriko Plazan, urteko azken egubakoitza izanik (19:00).
Era berean gogorarazi dute Sareko kideek abenduaren 26an, zapatuan, mobilizazioa dagoela antolatuta Donostian: 12:00etan Matuteneko espetxetik irteera eta 13:00etan, Donostiako epaitegietan manifestazioa. Urtarrilaren 8an, ostera, Bilbora joateko deia egin dute.