Urkulurako errepidea garbitzen eta egokitzen dihardute

Mirari Altube Arrese 2021ko abe. 14a, 13:04

Urkulura doan errepidea garbitzen.

Euritearen ondorioz lur-jausia izan zen Urkulurako bidean egubakoitzean, eta errepide zati batek behera ere egin zuen; ondorioz, bidea itxita geratu zen. Garbitze-lanak egiten dihardute egunotan, ondo bidean eguenean amaituko dituzte, eta horiek bukatu bitartean bidegorria erabil dezaketela auzotarrek adierazi du Unai Elkoro alkateak. Errepidea bera, gainera, ez dago erabat itxita.

Aozaratza, Areantza, Goroeta eta Larrino auzoetako bizilagunek GI-3131 errepidea erabiltzen dute joan-etorri guztiak egiteko, Urkulura doan errepidea hain zuzen ere. Eta horren itxierak kezka handia eragin die auzotarrei: "Abisatu ere ez ziguten egin errepidea itxita zegoenik", adierazi du Urkulu inguruko bizilagun batek eta gaineratu: "Ez gaituzte kontuan izan. Gurekin ahaztu egin dira". Lur-jausi horren ondorioz umeak eskolara eroaten dituen autobusa ezin izan dela pasatu azaldu du eta adinekoei laguntzera joaten direnek zailtasun handiak izan dituztela.

Errepidearen egoera joan den egubakoitzean.

Ibilgailuak pasatu ahal izateko beste bide batzuk egokitzea eskatu du bizilagun horrek: "Bidegorriko piboteak behintzat, zabalik manten ditzatela, pasatu ahal izateko. Eta Boliñako bidea txukuntzea ere komeniko litzateke, automobil txikiek joan-etorriak egiteko".

Bidegorria zabalik auzotarrendako

Unai Elkoro alkateak adierazi du ez direla egon ahaztuta Urkulu inguruko auzotarrak, eta Aldundiak zapaturako ekin ziela garbitze lanei. Gaineratu du ulertzen duela auzotarren kezka baina intzidentzia asko izan zirela egubakoitzean, Gipuzkoan, eta guztietara iristea ez zela samurra. GI-3131 errepideko lur-jausia uste baino potoloagoa izan dela ere jakinarazi du: "Lurrez eta egurrez betetako 50 bat kamioikada kendu beharko dituzte". 

Garbitze lanak egin bitartean errepidea ez dagoela erabat itxita ere adierazi du: "Asteburuan semaforoa egon da. Eta orain 13:00etatik 14:00etara pasatzeko aukera dago eta 18:00ak ondoren ere bai. Gainerakoan, 20 minutuero ematen diete pasua ibilgailuei, hortaz, ez dago itxita".Ildo beretik, bidegorria zabalik dagoela auzotarren automobilendako adierazi du eta piboteak kenduta daudela.

Gaineratu du, aurrerago itxi beharra izanez gero, Boliñako bidea egokituko dutela alternatiba gisa erabiltzeko: "Une honetan ez dago ibilgailurik pasatzeko moduan baina zagorra botako dugu eta erabiltzeko moduan jarri. Hala, bidegorria eta Boliñako bidea erabili ahal izango dira, alde batetik igotzeko eta bestetik jaisteko".

Behin lur-jausia garbituta eta egokituta, behera egindako errepide zatiari heldu beharko diotela uste du Elkorok: "Eta lan horiek egiteko itxi beharra egongo balitz errepidea lehen esandako bideetatik zuzenduko litzateke auzotarren zirkulazioa".

Behera egin duen errepide zatia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak