Erabateko ziurtasunik ez izan arren eta egoera aldatzen joan, Gabonetarako ekintzak ez dira faltako. Musika, antzerkia, pailazoak eta bertsolariak dira Udaleko Kultura Sailak zehaztutako egitarauaren osagai nagusiak. Aurten, gainera, Gabonetako ohiko ekitaldiak berreskuratzea da asmoa; hau da, Olentzero eta Mari Domingiren, Bizarzuriren eta Errege Magoen desfileak izango dira; hori bai, egungo egoerara egokituko dituzte horiek eta neska-mutikoak ezingo dira haiengana hurbildu –geldialdirik ez dute egingo ibilbidean–.
Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak azaldu duenez, pandemiaren bilakaeraren datuek baldintzatuko dute egitarauaren garapena; hortaz, baliteke aldaketak eta egokitzapenak izatea egunek aurrera egin ahala. "Askotariko emanaldiak antolatu dira, hainbat eragileren laguntzarekin, eta ekitaldi bakoitzean segurtasun baldintzak beteko direla bermatuz. Jende pilaketak saihesteko, eta birusak haurrengan duen intzidentzia-tasa kontuan hartuta, urtarrilaren 3an eta 4an aurreikusita zegoen haur parkea ez da egingo. Gainerako ekitaldiak une oro har daitezkeen osasun neurrietara egokituko dira", azaldu du Caberok.
Egitaraua
Egitarauari dagokionez, nabarmentzeko ekitaldiak dira Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia Arkupen; ehun bat ikaslek parte hartuko duten Leizarra musika eskolakoen Gabonetako kontzertua; herriko artisauen, ekoizleen eta merkatarien azoka; eta San Silvestre lasterketa.
Egitaraua osorik:
Abenduak 17
- 18:30 eta 19:30. (Arkupe). Respect film laburra Aratz elkartekoen eskutik.
Abenduak 18
- 10:00 (Durana kalea). Azoka. Aretxabaletako artisauak, ekoizleak, merkatariak eta elkarteeak.
Abenduak 19
- 19:00 (Parrokia). Leizarra musika eskolako kantuko ikasleen emanaldia. Sei bakarlari arituko dira Jose Luis Francesena piano jotzailearen laguntzarekin.
Abenduak 21
- 16:00 eta 18:00 (Arkupe): Porrotx eta Marimotots pailazoak: Amaren intxaurrak ikuskizuna (sarrera: hiru euro).
Abenduak 23
- 19:00: Bertso jaialdia (Arkupe). Ane Labaka, Maialen Akizu, Beñat Gaztelumendi eta Unai Iturriagarekin. Gai-jartzailea: Ane Ezenarro. Arkupen (sarrera: lau euro).
Abenduak 24
- 18:30 (Kiroldegian hasita). Olentzeroren eta Mari Domingiren desfilea.
Abenduak 26
- 19:00 (Arkupe). Konpromisoa antzezlana Txalo Produkzioak taldearen eskutik. (sarrera: lau euro).
Abenduak 29
- 19:00 (Arkupe). Gospel kontzertua The Spolem girls taldearen eskutik.
Abenduak 31
- San Silbestre lasterketa.
- 18:30 (Kiroldegian hasita). Bizar Zuriren desfilea.
Urtarrilak 2
- 19:00. Losers antzezlana Txalo Produkzioak konpainiarekin.
Urtarrilak 5
- 18:30 (Kiroldegian hasita). Errege Magoen desfilea.
Zigiluak eta egutegiak
Aretxarte merkatarien elkarteak ere keinu egingo die Gabonei, eta zigiluen eskaintza antolatu du, beste behin; sei zigilu batu beharko dira, gero zozketan parte hartzeko. 2022ko egutegia ere banatuko dute bezeroen artean. Aretxabaletako Argazki Artxiboko argazki zaharrekin osatu dute hori aurten. Eta herrian erosketak sustatzeko egindako spota ere zabalduko dute.
Erakusleiho lehiaketa abian da
Gabonak girotzeko apaindutako erakusleihoen lehiaketak ere ez du hutsik egingo. Udalak eta Aretxartek elkarlanean antolatu dute, eta bi sari banatuko dituzte: lehenengoak 300 euroko bonua jasoko du eta bigarrenak, 150 eurokoa –Aretxarteko establezimenduetan gastatzeko–.
Iaz legez, bigarren saria herritarrek aukeratuko dute bozketa bidez; gaurtik abenduaren 26ra bitartean dute horretarako aukera. Botoa eman ahal izango da aurrez aurre Arkupen jarritako kaxan, baita Udalaren webguneko galdetegia beteta ere, eta aurten lehenengoz, QR bidez ere bai. Botoa ematen duten herritarren artean 50 euroko bonu bat zozkatuko dute gero. Lehiaketan herriko komertzio guztiek parte har dezakete –ez dago izenik eman beharrik– eta sariak abenduaren 29an banatuko dituzte.