Argazkizkiak lehiaketa bueltan da –2016an egin zen azkenengoz–, eta, oraingoan, umeei bideratutako Marrazkizkiak-ek lagunduta dator. Argazkiak eta testuak bateratzea helburu duen lehiaketa Loramendi euskara elkarteak antolatu du, beste behin, Udalaren laguntzarekin. Hainbat modalitate, izan arren gai bakarraren gaineko lanak eskatuko dira: Zer da hemendik aurrerako denborari eskatu nahi diozuna? Gaurtik abenduaren 20ra arte aurkez daitezke.
Hiru taldetan banatuta
Marrazkizkiak Lehen Hezkuntzako neska-mutikoei zuzendu diete; 6 eta 12 urte artekoei, hain zuzen ere. Eta Argazkizkiak modalitatean bi talde izango dira: 12 eta 18 urte artekoena eta 18 urtetik gorakoena. Antolatzaileek eskatu dituzte 30x20 zentimetroko tamaina duten argazkiak; marrazkien formatua eta estiloa, ostera, libreak izango dira. Horiei atxikita joango den testuaren estiloa ere edozein izan daiteke: poesia, bertsoa, mikroipuina… Eta DIN-A4 tamainako orrian idatzita aurkeztu beharko da.
Udaletxe zaharrean
Lanak udaletxe zaharrera eroan beharko dira gutun-azal batean; barruan, egilearen datuek ere zehaztuta egon beharko dute: izena, abizena eta helbide elektronikoa.
Epaimahai batek aztertuko ditu jasotako lan guztiak, eta hainbat irizpideren arabera baloratu. Hiru taldetako onenek sariak jasoko dituzte, eta horretarako ekitaldia abenduaren 27an egingo dute.