Alebinen lehen mailan, Egoitz Ibabe eta Aratz Larrañaga aretxabaletarrek elkarren aurka jokatu zuten, lagunartekoa. Izan ere, aurkari izan behar zituzten ataundarrak ez ziren aurkeztu.
Infantilen bigarren mailan, Lier Kortazar aretxabaletarra eta Unai Rementeria oñatiarrak neurtu zituzten indarrak eta Kortazar nagusitu zen (8-3/8-7). Kategoria bereko bigarren partiduan, Lander Valle aretxabaletarra nagusitu zen Eneko Arrazola oñatiarraren aurka (8-2/8-7).
Infantilen lehen mailako lehen partiduan, etxeko jokalariak ezin izan zuen irabazi. Izan ere, Manex Aranak ezin izan zuen menderatu Ilunpe taldeko Oier Revuelta (2-8/3-8). Bigarrenean, ordea, Manex Larrañaga aretxabaletarra nagusitu zitzaion Ilunpe taldeko Joanes Larrañagarik (8-1/8-3).
Kadete mailakoa, "izugarrizko partidua"
Arratsaldeko azkenengo partidua kadete mailako binakakoa izan zen. "Aspaldi halako partidurik ikusi barik nengoen. Sekulakoa izan zen", azaldu du epaile lanetan aritu zen Juan Mari Errastik.
Xabat Otazu eta Markel Errasti aretxabaletarrak Mundarro taldeko Aimar Zabala eta Markel Urdangarinen aurka aritu ziren. Etxekoak 10-18 galtzen zihoazen, baina markagailua irauli eta 22-19 gailendu ziren. Garaipen horrekin, hurrengo fasera sailkatzeko aukerak dituzte oraindik, baina beste emaitza batzuen zain egon beharko dute horretarako.