Abenduarekin batera, eta Gabonen atarian, bonuen kanpaina jarriko du abian Udalak, herriko dendetan erosketak sustatzeko helburuarekin. 500 txartel jarriko dituzte salgai, hilaren 1ean hain zuzen ere, eta aurreko urteetako deskontu berbera izango dute: erosleak 20 euro ordainduko ditu eta, trukean, 30 euroko txartela izango du, hau da, 10 euro jasoko ditu debalde. Txartel horiek Aretxarte merkatarien elkartean bazkide diren establezimenduetan erabili ahal izango dira abenduaren 31 bitartean.
20+10 bonuak erosteko Arkupera jo beharko dute herritarrek beste urte batzuetan legez. 16 urtetik gorako aretxabaletarrek eskuratu ahal izango dituzte, pertsona bakoitzak bakarra, eta horretarako nortasun agiria aurkeztu beharko dute. Udaletik jakinarazi dute 5.000 euro bideratuko direla ekimen horretara. Bono guztiak salduz gero, 15.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragingo dute tokiko ekonomian.