Jose Mari Etxebarrieta: "Finalerako ez sailkatu arren, oso pozik gaude"

Ainhoa Arana 2021ko aza. 26a, 18:02

Gipuzkoako I. Pintxo, Banderilla eta Miniaturazko Sukaldaritzaren Txapelketako finalaurrekoa jokatu da aste honetan, eta bertan izan da Taberna Berri jatetxea.

40 establezimenduk baino gehiagok hartu zuten parte lehiaketan, baina hamalau jatetxe soilik sailkatu ziren banderillen kategoriako finalaurrekorako, eta hamabi miniaturazko sukaldaritzako kategoriakoan. Asteartean, azaroaren 23a, izan zen lehiaketaren finalaurrekoa, eta Taberna Berrik bi kategorietan hartu zuen parte. Finalerako txartela lortu ez badute ere, pozik daude egindakoarekin, eta hurrengo urteko lehiaketara begira daude jada.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Polita eta oso aberasgarria. Inoiz horrelako lehiaketa batera aurkeztu barik geunden, eta asko disfrutatu dugu. Ikasi ere bai; izan ere, jendea asko prestatzen da horrelako lehiaketetarako. Hurrengo urtean antolatuz gero, gu ere prest izango gara.

Bi modalitatetan sailkatu zineten; espero zenuten?

Ez; egia esan, guk aurkeztu genituen pintxoak tabernan izaten ditugu, normalean. Ilusio handiarekin jaso genuen notizia.

Zeintzuk izan ziren aurkeztutako pintxoak?

Banderillen modalitatean aurkeztu genuena Aretxabaletako tomatearekin egindako broxeta izan zen. Hau, normalean, tomatearen garaia heltzen denean egiten dugu. Tosta bat da, tomaterekin: gainean bakailao melatua, ozpin-olio berezia eta alioli puntu bat izaten du. Miniaturazko sukaldaritzako atalean, aldiz, buztan-biribilkiak aurkeztu genituen. Buztanari hezurrak kendu, haragia txikitu, biribilkiak bete eta saltsa batekin zerbitzatzen ditugu. Azkenik, porrua frijitzen dugu eta gainean jartzen diogu; horrek ukitu berezia ematen dio.

Nolakoa da lehiaketaren egitura?

Arraroa. Ni ez naiz zuzenean epaimahaiarekin egon: hasieran, aurkeztu genituen bi pitxoak tabernan jarri genituen hilabetez. Horren ondoren, finalaurrekotarako aukeratuak izan ginela esan ziguten. Asteartean, finalaurrekora joan nintzenean, sei pintxo berdin egin behar nituen: bost epaimahaiarentzat eta bat argazkirako. Goizean izan zen kategoria bateko finalaurrekoa eta arratsaldean bestea. Azkenengoan, baina, ezin izan nintzen egon, lan egin behar nuelako.

Hurrengo urterako prest, orduan?

Bai: aurten hasiberriak izan gara eta hori nabaritu egin da. Astearteko finalaurrekoan, beste sukaldari batzuekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta konturatu nintzen taberna askok pintxo bat sortzen dutela espresuki lehiaketarako. Guk ez dugu horrelakorik egin: tabernan ondo kontsumitzen diren eta goxoak diren bi aukeratu ditugu eta horiekin aurkeztu gara. Hurrengo urtean lehiaketa berriz antolatuz gero, prest egongo gara. Aiztoak prest ditut jada!

Nolakoa izan zen lehiakideekin izandako tratua?

Ezin hobea; aurretik aipatu bezala, ezin izan nintzen arratsaldeko finalaurrekoan egon, lan egin behar nuelako, eta pintxoak prest utzi behar nituen epaimahaiarentzat. Lehiakide bat gerturatu zitzaidan pintxoa muntatzen ari nintzenean. Momentu hartan muntatzen banuen ez zela behar bezala egongo esan zidan. Nire arazoa azaldu nionean, berak muntatuko zidala esan zidan. Hori poza! Sekulako giroa zegoen bertan eta oso atseginak izan ziren nirekin.

Herritarrek ezer esan dizute?

Noski; animo asko eman dizkigute tabernara gerturatu izan direnean eta horrelako hitzak entzuteak animatu egiten gaitu. Azken finean, gure bezeroek oso ondo ezagutzen dituzte aurkeztutako pintxoak eta konfiantza handia izan dute guregan. Asko eskertzen da hori. Hemendik aurrera esperientzia izango dugu horrelako lehiaketetan, eta, zeinek daki, akaso, hurrengo urtean finalean egon gaitezke!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak