Koronabirusarekin kutsatzeko arriskutsuak diren guneak identifikatu gura izan dituzte EH Bilduko kideek, "aireztatze gutxikoak eta itxiak izanik larrienak". Halako lekuetan maskara erabiltzea oso garrantzitsua dela gogorarazi dute, eta gaineratu aireztatzea egokia dela ziurtatzeko CO2 neurgailuek asko laguntzen dutela. Horregatik, Udalaren eraikinetan neurgailu horiek lehenbailehen jartzeko eskatu diote Udal Gobernuari.
Datu batzuk eman dituzte: 12 urtetik gorakoen artean %90 txertatuta dago eta 6 eta 12 urte artean kutsatze-tasa 700etik gorakoa da. Hori dela-eta, prebentzio neurriei lehentasuna eman gura diete eta fokua jarri dute erabilera publikoko leku itxietan: "Udalaren eraikinetan neurgailuak lehenbailehen jartzea eskatu dugu, umeek erabiltzen dituzten lokalei lehentasuna emanez: liburutegia, ludoteka…"
Ikastetxeekin harremanetan jartzea ere eskatu dute: "Lehentasunez jarri behar diren neurgailuak emateko udal baliabideekin". Baita interesa duten komertzio zein tabernariekin hori bera egitea ere, dirulaguntzen bitartez. Hori guztia egin ahal izateko aurrekontuan behar diren baliabideak aktibatzea eskatu dute.