Salva Rodriguez: "Odol berria gura dugu Ametzueta lagunartean"

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 19a, 18:00

Salva Rodriguez, bazkideen erregistro-liburua aurrean duela.

Ametzueta lagunarteak hamasei urte beteko ditu datorren astelehenean. Hainbat realzale aretxabaletar elkartu eta ilusio handiarekin sortutako taldea lo egon da azken urteetan. Salva Rodriguez presidenteak hori esnatzea erabaki du, eta lagunarteari beste bultzada bat emateko gogotsu agertu da.

Ametzueta bizirik dago?

Bai, bai. Azken urteotan ez dugu ezer egin, baina realzaleak hemen gaude eta bueltan gatoz.

Etxeko partiduak ikustera joateko autobusa egongo da domeka honetatik aurrera.

Hori da. Eskaera egin genion Realari eta baietza jaso genuen. Hortaz, domekan, Valentziaren aurkako partidua ikustera joateko autobusa Aretxabaletan bertan hartuko dute realzaleek, aspaldiko partez.

Ametzuetak egindako eskaera izan da, orduan?

Egia esanda, neure burutazio bat izan da; pentsatu eta egin. Aitor Mendibilek lagundu dit apur bat, eta neure partetik beste apur bat jarrita aurrera egin du kontuak.

Eta zelako harrera izan du?

Oso ona; garaia zela horretarako esan didate askok eta askok. Aretxabaletarrak gustura eta Eskoriatzako hainbat ere bai. Orain, autobusa betetzea espero dut partidu guztietan. Gainera, betez gero eta jendea kanpoan geratu, Arrasatekoa etorriko litzateke horien bila. Txartelak Arlutz tabernan hartu beharko dira eguen gauerako bi euroren truke, eta autobusa irtengo da partidua hasi baino bi ordu lehenago.

Probintziatik joaten diren zaleak estimatzen dituzte?

Bai, bai. Autobusen arduraduna gogoratu egiten zen gurekin, eta esan zidan: "Aretxabaleta eta Eskoriatza aldean zale ugari daudela esan didate, eta oraindik autobus barik?". Bazkide gazte gehienek, gainera, Bultzada egoten den harmailan dute lekua, zale animatuenak dauden tokian.

Ohiko partiduez gain, beste ezer egiteko asmorik baduzue?

Bai, bai. Realarekin kanpora ere joan gura dugu. Nora? Edonora! Oraingoz, Vallecas aipatu didate; ikusiko dugu.

Bakarrik ez zara ibiliko halako lanetan, ezta? Lagunarteko bazkideen babesik baduzu?

Bai, noski. Nirekin batera daude antolatze lanetarako gertu Iker Iturrikastillo, Alberto Calvo, Mikel Iturbe, Ekain Andres eta Ander Hernandez.

Aipatutako gehienak Ametzuetan daude sorreratik; jende gaztea sartzeko asmorik baduzue?

Hori gurako genuke. Ekain Andres, adibidez, Arlutzeko lagunartekoa da, eta orain Ametzuetan sartu dut. Bazkide gazte asko dago, eta horiek ekarri gura ditugu lagunartera, odol berria behar dugu eta.

Zu zeu joaten zara partiduetara?

Ez. 2008an utzi egin nion bazkide izateari, denborarik ez kentzeko familiari. Baina datorren urtean semearekin batera egingo naiz bazkide.

Gustuko du futbola semeak ere?

Oraindik umea da, baina bai; UDAn dabil entrenatzen.

Eta realzalea izango da, ezta?

Horixe! Gure etxean realzalea izan behar da, legeak hala aginduta. Argi gero! Athleticzalea izanez gero, etxetik botako dut!

Lagunartearen sorreran hainbat jokalariren bisita izan zenuten.

Bai; 2006ko otsailean etorri ziren Lopez Rekarte, Barkero eta Morten Skoubo daniarra. Elkartea bataiatzeko egindako agerraldia izan zen.

Oraingoan ez da halakorik egongo, baina jardunari berrekingo diozue.

Bazkideen zerrenda berritzeko asmoa dugu; bakoitzak 10 euro jarriko ditugu eta ekintzak antolatu: kanpora joateko autobusak, elkartea berrinauguratu… Gogotsu gatoz, baina pentsatuta egin gura ditugu gauzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak