Bueltan dira pandemia aurreko abonatu gehienak

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 5a, 17:30

Ibarra kiroldegiko igerilekua.

Ibarra kiroldegiak bazkideen %80 berreskuratu ditu eta 2.565 dira, guztira; horietatik %42, Aretxabaletan erroldatu gabekoak. Bestetik, aurten abian jarritako hogei ikastaroetan 569 pertsonak eman dute izena eta hainbatetan oraindik badute lekua.

Ibarra kiroldegiaren jarduna %100era itzulita dago azken hilabeteotan, eta irailean abian jarritako kirol jarduerek ere hartu dute martxa. Horiek lagun, ia pandemia aurreko abonatuen zenbakietara hurbildu dela adierazi dute Udaleko Kirol Zerbitzuek.

Erretiratu guztiak itzuli ez

2.565 pertsona dira 2012ko irailean inauguratutako kirol instalazioetako bazkideak. Datu horiekin, koronabirusa agertu aurreko bazkideen %80 inguru berreskuratu direla jakinarazi dute. Aretxabaletan erroldatuta ez daudenen kopuruak gora egin du, eta kopuru osoaren %42an dago, gaur-gaurkoz. Gainera, abonatuen %46 emakumeak dira; hau da, 1.180 lagun.

Bestalde, 65 urtetik gorakoei dagokienez, zenbakiak "oso onak" direla adierazi dute. Hala ere, gaineratu dute 2020ko martxoa baino lehen bazkide ziren adin tarte horretako abonatuen %59 bakarrik itzuli direla kiroldegira: 162 abonatutik, 96.

Kirol jardueren kasuan, hogei baino gehiago eskaini dira denboraldi honen hasieran, eta 569 lagun daude izena emanda. Kopuru horiek epidemiaren aurreko garaian erregistratutako %78,9 dira, eta horren zergatia zein izan daitekeen azaldu dute: "Eskaintza zabalagoak eta normaltasun handiagoko egoerak izen-emate kopurua handitzeko aukera eman dute".

Kiroldegitik azaldu dutenez, haurrentzako igeriketa ikastaroetan plaza guztiak bete dira, eta gainerako jarduerek izan duten harrera "oso positiboa" izan da. Hala ere, badirela oraindik bete barik dauden ikastaro batzuk jakinarazi dute: areto bizikleta –astelehen eta asteazkenetan, 07:15etik 08:00etara–; hipopresiboak –astearte eta ostegunetan, 08:15etik 09:00etara–, core training-a –astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 16:45era– eta aquagym-a –astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 10:45era–.

Korrikalarien taldean lekua

Denboraldiko berritasunen artean, haurdun dauden emakumeentzako igeriketa ikastaroa –matronazioa– dago. Saioak astelehen eta asteazkenetan izaten dira, 14:15etik 15:00etara, eta oraindik badute lekua.

Emakume korrikalarien taldea ere berria da, eta oraindik ez dagoela beteta jakinarazi dute. Ekimen horren helburua jarduera fisikoa egitea da, running-a asteko errutinan sartuz. Hitzordua ostegunetan da, 19:00etatik 19:45era. Zerbitzua doakoa da kiroldegiko abonatuentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak