Absolbitu egin dute Aretxabaletan emakume bat bortxatzeaz salatutako gizonezkoa

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 4a, 15:43

Aretxabaletako Durana kalea.

Aretxabaletako etxebizitza batean desgaitasun intelektual arina duen emakume bat bortxatu izanaz salatutako gizonezkoa, bizilaguna bera, absolbitu egin du Gipuzkoako Auzitegiak. Fiskaltzak hamabi urteko espetxe-zigorra eskatzen zuen baina haren aurkako frogak ez direla nahikoa ebatzi dute.

Emakumeak esandakoaren arabera, 2016ko apirilaren 14an akusatuak atea jo zuen eta etxebizitzan sartu zenean bortxatu egin zuen; ondoren, anaiari kontatu eta salaketa jarri zuen.

Joan den ekainean egin zen ahozko ikustaldia Auzitegiko Hirugarren Sekzioan. Emakumeak ez zuela auzipetuaren aurka deklaratzeko gogorik adierazi du haren abokatuak, "beldurra" sentitzen zuelako eta gertatutakoa "barkatu eta ahaztu" nahi zuelako. Gaineratu du ez zuela prozesuarekin aurrera egiterik nahi, akusatuak –aurretik lagun zuena– emaztea eta seme-alabak dituelako eta "ez zuelako kartzelara joaterik nahi".

Auzipetuak, bere aldetik, uko egin zion emakumearekin "inoiz" sexu-harremanik izanari eta emakumea berarekin "obsesionatuta" zegoela gaineratu zuen.

Emakumearen bertsioa ez du frogatutzat eman epaiak, besteak beste, "kontraesanak" daudelako salaketan kontatutakoaren eta ahozko ikustaldian adierazitakoaren artean.

Ebazpenak jaso du gainera, emakumeak "izaera obsesiboa" duela eta egindako adierazpenetan atzeman daitezkeela "entzumen eta ikusmen-haluzinazioak"; hain zuzen horregatik tratamendua jaso duela dio. "Hutsuneak" izan ditzakeela egiaztatu dela ere badiote ebazpen horretan.

Era berean, epaiak jaso du neskaren oheko arropan "profil genetiko ugari" zeudela, eta horregatik guztiagatik ezin dela frogatu auzipetuak gertakarian parte hartu izana. Hori dela eta, in dubio pro reo aplikatuta (akusatuaren aurkako froga zalantzazkoa denean, akusatuaren alde jokatu behar dela dioen printzipioa) absolbitu egin dute gizona bere kontrako akusazio guztietatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak