Lanean hasteko gertu?
Bai; Gatzagan, Dorletan emango dut lehenengo meza, eta gero, astelehenean, Domu Santu egunean, lan dezente izango dut.
Zeintzuk izango dira zure zereginak?
Andoni Illarramendi parrokoarekin batera osatuko dut lantaldea, eta hiru herriokin arduratuko gara; ardura partekatua izango da, eta ez zu han eta ni hemen.
Soraluzetik zatoz; penaz agurtu dituzu hango fededunak?
Hemeretzi urte egin ditut han; urte asko izan dira, jende asko ezagutu dut eta istorio asko bizi; hortaz, bai.
Eta Leintz aldean zelan hartu zaituzte?
Oraindik ezagutzen nabil. Bilerarik ez dugu izan eta elizkizunen baten egon naiz bakarrik; parrokia ikusi eta halakoak bakarrik egin ditut. Poliki-poliki joango naiz ezagutzen hemengo kontuak eta jendea.
Zuk zeuk aldaketa pozik hartu duzu?
Bai; leku berrira iristerakoan, birziklatu beharra izaten da: bertako beharrak ezagutu, nondik norakoak jakin… Hausnartzeko sasoia izaten da, non gauden eta norantz joan behar dugun gogoeta egitekoa. Bestela, errutinan erortzen gara; bere momentuan, helburu batzuk ezarri genituen, baina gero, han nonbait geratu ere bai, eta pilotu automatikoan egiten dugu lan. Horregatik, ondo datoz aldaketak, astindu bat emateko.
Eta Andonik eskertuko du zure laguntza.
Bera Aretxabaletara etorri zenean, bost abade ziren, eta orain, bakarrik dago.
Lana ez da faltako, seguru. Aretxabaletan biziko zara?
Hori da asmoa; baina etxea egokitzen dabiltza, eta bueltaka nabil. Hasita nago gauzak eramaten, baina oraindik Soraluzen bizi naiz; ondo bidean datorren hilean joango naiz Aretxabaletara bizi izatera.