Badator ekitaldi askok girotutako Gaba Baltza

Mirari Altube Arrese 2021ko urr. 23a, 10:10

Umeak suaren bueltan elkartuta plazan, Gaba Baltza ospatzen. (Argazkia: Loramendi elkartea)

Loramendi elkarteak eta Algara ludotekak aste osoko egitaraua gertatu dute, urriaren 31ra zain egon barik. 'Scape room'-ak iaz arrakasta handia izanik, aurten ahalegin berezia egin dute hori indartzeko, eta komentu zaharrean gertatuko dute.

Orain dela lau urte inguru hasi ziren lantzen Loramendi elkartea eta Algara ludoteka Gaba Baltzaren inguruko kontuak, eta, iazko etenaren ostean, indartuta dator hitzordua. Urriaren 25etik 29ra bitartean, ohitura zaharrek, beldurraren bueltako istorioek eta jolasek bat egingo dute.

Scape room'-a bost egunetan

"Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako jaiaren eragina gero eta handiagoa zela ikusirik, eta gurean ere egun berezia izaten zela jakitun, jai horri beste buelta bat ematea erabaki zuen Loramendik. Izan ere, gurean beste esanahi batekin eta beste modu batera ospatu izan da. Hortik etorri zen kantu bat asmatzeko beharra eta janzterakoan ere ahalegin berezia egitea", azaldu du Loramendiko teknikari Ainhoa Sanchezek.

Iazko egoerak besterik egiteko aukerarik utzi ez, eta scape room-a antolatu zuten: "Zerbait xumea egin genuen, baina sekulako arrakasta izan zuen. Jendea eske etorri zaigu aurten ere, eta, horregatik, komentu zaharrera eroan dugu eta ezberdina izango da".

Astelehenetik eguaztenera bitartean, 16 urtetik gorakoak joan ahal izango dira scape room horretara. Hiru txanda egongo dira, 17:00etan hasita, eta bost eta zazpi lagun arteko taldeek parte hartu ahal izango dute bakoitzean –prezioa, 15 euro taldeko–. Hilaren 28an eta 29an, ostera, 10 eta 16 urte artekoendako zabalduko dute. Hiru txanda izango dituzte hauek ere, eta zortzi eta hamar lagun arteko taldeak onartuko dituzte –prezioa, euro bat kide bakoitzak–. Izena emateko, Loramendira jo behar da: euskara@loramendielkartea. eus eta 685 75 67 29.

Umeendako: filma eta tailerrak

Umeek ez dute scape room-ik izango, baina bai beste ekintza batzuk. Eguaztenean, urriaren 27an, Ipar haizearen erronka filma emango diete udaletxe zaharrean (17:30). Eta hilaren 29an, tailerrak izango dituzte. Urriaren 31n ez dute aparteko ospakizunik egingo, baina kalabaza lehiaketari eutsiko diote: "Kalabaza apaindu eta Loramendin aurkeztu beharko dute, eta gero, Durana kaleko txokoren batean jarriko da. Erakusketa bat ere egingo dugu horiekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak