'Herriaren hauspoa'-ren proiekzio gehiago

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 21a, 18:38

Ikus-entzunezkoaren fotograma bat. Argazkia: 'Herriaren hauspoa' dokumentala

Joan den egubakoitzeko estreinaldi "arrakastatsuaren" ostean, bihar, egubakoitza, 19:00etan, Arkupen, eta urriaren 29an ordu eta leku berean egingo dituzte UDAren 75. urteurrenaren harira osatutako dokumentalaren proiekzioak.

Aretxabaleta Kirol Elkartearen 75. urteurrenaren harira egindako Herriaren hauspoa dokumentalaren grabaketak uda aurretik hasi zituzten, uda ostean grabaketekin jarraitu zuten, eta, edizio eta postprodukzio lanen ostean, joan den egubakoitzean estreinatu zuten, Arkupen. Arteman Komunikazioak eta AZ Visual Mediak UDAren aholkularitzarekin egindako lana da, eta harrera ona izan du estreinaldiak.

Gerturatu zirenen artean, "hunkituta" agertu ziren asko, eta protagonistak eta proiektuan parte hartu dutenak "harro" azaldu ziren azken emaitzarekin. Edozelan ere, ikus-entzunezkoa oraindik ikusi ez dutenek aukera izango dute horretarako; izan ere, bihar, egubakoitza, arratsaldeko zazpietan, beste proiekzio bat egingo dute, Arkupen, baita urriaren 29an eta azaroaren 5ean, ordu eta leku berean.

Aurrera begira, hitzordu gehiago

Testigantza ugari batzen ditu lanak: UDAko jokalariak, jokalari izandakoak, entrenatzaile izandakoak, zuzendaritzako kideak, herritarrak, zaleak... Gainera, bitxikeria ugari daudela eta samur ikusteko moduko lana dela adierazi dute lanaren egileek. Hala, urteurrenari hasiera emateko hitzordua izan da, eta urtean zehar beste hain-bat ekintza antolatuko dituztela gaineratu zuten.

Zer izan da UDA zuretzat?

Manolo Zubillaga. UDA-ko presidente ohia:

"Eztei-bidaiatik bueltan, Aretxabaletara iritsi bezain pronto lagun batek deitu zidan eta hor hasi zen nire UDAko ibilbidea. Orduan, 25 urte nituen, eta gaur arte aritu naiz UDArekin hartu-emanean, ahal izan dudan guztian laguntzen, eta, hain zuzen, klubarekin erlazionatzen naute guztiek".

Oihana Mata. UDA-ko pilotari ohia:

"Nire garapen prozesuan inportantea izan da UDA; batez ere, pilotan ibili nintzen hamar urteetan. Gogorra bezain aberasgarria. Orokorrean, asko eman didan elkartea da eta erreferente handia hainbat eremutan, ez bakarrik kirol arloan, esku artean daukan hainbat proiekturengatik ere".

Igor Arenaza. UDA-ko kirol zuzendari ohia:

"Bizitza honetan ametsak betetzen lagundu zidan lehenengo urratsa izan zen. Nire errespeturik handiena, beraz, kirolean nahiz balioetan hezi ninduelako. Ereindako haziek fruitua eman badute, merezi izan zuela esango nuke, UDAtik jasotakoa askoz gehiago izan baitzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak