Atzoko hitzaldiaz batera, urriaren 27an, azaroaren 3an eta 10ean izango dira ondorengo saioak; guztiak, Ibarra kiroldegian, 18:00etan. Horietara joan nahi duenak izena eman beharko du Ibarra kiroldegiko harreran edo 943 03 98 42 telefono zenbakira deituz.
Etiketak irakurtzeko argibideak
Urriaren 27an, berriz, etiketa nutrizionalak irakurtzen irakatsiko du Abasolok, gure eguneroko dieta osatuko duten osagaiak hobeto aukeratzeko. Kasu honetan, saioa (gaztelaniaz) kirol orientazioko zerbitzuaren erabiltzaileei zuzenduta dago. "Supermerkatuetako produktuen etiketak irakurtzen ikasiko dugu, pertsona bakoitzak jakin dezan zer erosten duen", adierazi du Garazi Abasolok, hitzaldia eskainiko duen dietista aretxabaletarrak.
Azaroaren 3an Behobia-Donostia lasterketarako nutrizio on baterako aholku erabilgarri batzuk emango ditu Abasolok. Hitzaldia (euskaraz) lasterketaren datu teknikoekin hasiko da. Honi jarraituz, probaren aurretik, bitartean eta ondoren zer jan erakutsiko die bertaratutakoei, baita nola hidratatu eta zer saihestu behar den ere. "Lasterketaren aitzakian, jarrai-bide batzuk emango ditut: kirola egin aurretik, egiten ari garenean eta ostean nola elikatu behar dugun".
Azkenik, azaroaren 10ean gosari osasungarria tailerra egingo da. Lehen Hezkuntzako haurrei eta haien gurasoei zuzenduta dagoen saio praktiko honetan, eguna energiarekin hasteko eta nutrizio-beharrak asetzeko hainbat aukera prestatu eta dastatuko dituzte. "Hainbat aukera ikusiko ditugu, beti berdina ez dagoela jan beharrik... Azken finean, askotariko aukerak planteatzea izango da asmoa".
