'Herriaren hauspoa' dokumentalaren estreinaldiarekin, UDAren 75 urteei errepasoa

Jone Olabarria 2021ko urr. 16a, 10:20

Atzo arratsaldean dokumentala ikustera gerturatu ziren herritar ugari.

Aretxabaleta Kirol Elkartearen 75. urteurrenaren harira egindako Herriaren hauspoa dokumentala atzo estreinatu zuten Arkupen, eta datozen hiru asteetan ere izango dute herritarrek ikus-entzunezkoa ikusteko aukera. Gerturatu zirenen artean, "hunkituta" agertu ziren asko, eta bai protagonistak, baita proiektuan parte hartu dutenak "harro" azaldu dira azken emaitzarekin.

UDAren 75. urteurreneko ekitaldi ugari egin dituzte orain arte, baina esperotakoena izan zen atzokoa: Herriaren hauspoa dokumentalaren estreinaldia. Hamabost testigantza inguru batzen ditu dokumentalak; UDAko jokalariak eta jokalari izandakoak, zuzendaritzako kideak, herritarrak, afizionatuak,... Grabaketa eta antolaketa lanetan aritu den Josu Txintxurretak azaldu duenez, "anekdota asko" batzen dituen lana da: "UDAri buruz gauza pila bat ikasi edo gogora ekartzeko aukera ematen duen pieza bat da, merezi duen dokumentala dela uste dut. Herritarren artean harrera ona izango duela uste dugu, Aretxabaletan oso garrantzitsua da UDA".

Urteurren ospakizunen antolaketan aritu den Ibai Zangituk azaldu du, 75 urteak ospatzeko zerbait ezberdina egin gura izan dutela: "50 urte bete zirenean liburua idatzi zen, eta hortaz, 75. urteurrenarekin dokumentala egin behar genuen". Herritarrek gustura hartu dutela parte adierazi du: "Aretxabaletan halako gauzetarako jendea azkar animatzen da, eta azkenean lortu dugu jende dezente batzea dokumentalean".

Herritarren testigantzak

Dokumentalean parte hartu duten protagonistetako bat da Angel Zubillaga, Guria tabernako arduradunen semea: "Jokalariak beti etortzen ziren tabernara, kopal irabazten zirenenean ekartzen zituzten. Beti tabernara deitzen zuten, kanpoan jokatzen zutenean, emaitzak emateko, eta gero herritarrak tabernara etortzen ziren horren berri izatera".

Manolo Zubillagak ere ia bizitza osoa pasa du UDAren inguruan, eta urte horietan bizitakoaren berri eman du dokumentalean: "25 urterekin sartu nintzen UDAn eta 75 urtera arte beti egon naiz hor bueltan, futbol zelaian animatzen eta beharrezkoa zen denean laguntzen. Ziklo krosean ere urte oso oparoak izan genituen eta Aretxabaletara puntako ziklistak etortzen ziren, Europako onenetako izaten zen hemengoa".

Egitarau emankorra

UDAko zuzendaritza batzordeko kide den Dorleta Ezeizak azaldu duenez 75 urte ez dira egunero betetzen eta horrenbestez egitarau sendoa prestatu gura izan dute ospatzeko: "Egitarau emankor bat osatu nahi genuen, UDA ez da soilik kirola egitea, baizik eta herritar osasuntsuak sortzea. Horretarako egiten dugu lanketak ere isla izatea nahi genuen egitarau honetan". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak