Aretxabaleta Kirol Elkartearen 75. urteurrenaren harira egindako Herriaren hauspoa dokumentala gaur, egubakoitza, 19:30ean proiektatuko da Arkupen. Horrekin batera, datozen emanaldiak urriaren 22an eta 29an izango dira, ordu eta leku berean, eta proiekzio guztiak doan izango dira.
Testigantza ugari
UDAren 75. urteurreneko ekitaldi ugari egin dituzte orain arte, baina esperotakoena gaur izango da: Herriaren hauspoa. UDAk egindako lana Aretxabaletako Udalak eta Real Sociedad futbol taldeak babestutakoa da, eta produkzioaz Arteman Komunikazioa eta AZ Visual Media arduratu dira. Urteurren borobilean, 1946an sortutako Aretxabaleta Kirol Elkarteak gaur arte egindako bidearen nondik norakoak testigantza bidez jaso dira 45 minutuko ikus-entzunezkoan, eta horietaz disfrutatu ahalko dute herritarrek. Anabel Aranzadiren, Tito Etxeandiaren, Manolo Zubillaga edo Igor Arenazaren berbak jaso dira, besteak beste, dokumentalean.
Emakume pilotarien jaialdia
UDAren 75. urteurreneko egitarauarekin jarraituz, asteburu honetan emakumezkoen pilota jaialdia egongo da Iturrigorri frontoian. Domekan, partiduak jokatzen lehenengoak gaztetxoak izango dira, 10:30ean: Irati Betegik (Aretxabaleta) eta Itxasne Lizarraldek Maddi Gabilondoren eta Malen Ayesaren aurka jokatuko dute. Ondoren, nagusien txanda izango da, 11:00etan: Mirian Arraizak eta Maite Ruiz de Larramendik Iera Agirreren eta Itxaso Erasunen kontra jokatuko dute.