Jarduera fisikoa sustatzea helburu duen Atxabalta Mugi ekimenak elikaduraren gaineko hitzaldiak antolatu ditu. Garazi Abasolo dietista aretxabaletarrak emango ditu azalpenak eta Ibarra kiroldegian izango dira saio guztiak, 18:00etan. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, kiroldegira bertaratuta edo deituta (943 03 98 42).
Lehenengoa, urriaren 20an
Lehen hitzaldia hilaren 20an izango da, eta plater osasuntsuak nola osatu azalduko du Abasolok –euskaraz–. Besteak beste, landuko ditu elikagaien sailkapena eta erosketa nola egin, baita asteko menu orekatuen eta osasungarrien adibideak eman ere.
Urriaren 27an, ostera, etiketa nutrizionalak irakurtzen irakatsiko du –gazteleraz–, eguneroko dieta osatuko duten osagaiak hobeto aukeratzeko. Kirol orientazioko zerbitzuaren erabiltzaileei zuzenduta dago.
Azaroaren 3an, Behobia lasterketara begira jarri eta nutrizio on baterako aholkuak emango ditu –euskaraz–. Lasterketaren datu teknikoekin hasiko da eta jarraian erakutsiko die bertaratutakoei, probaren aurretik, bitartean eta ondoren zer jan, baita nola hidratatu eta zer saihestu behar den ere.
Eta azaroaren 10ean, gosari osasungarri tailerra egingo da, Lehen Hezkuntzako haurrei eta haien gurasoei zuzenduta. Saio praktikoa izango da, eta eguna energiarekin hasteko eta nutrizio beharrak asetzeko hainbat aukera prestatu eta dastatuko dituzte.
Bulegoa, kiroldegian
Udaleko Kirol Zerbitzuek bultzatutako eta Athlon kooperatibak kudeatutako ekimenak bost urte daroa abian, eta kirol orientazio zerbitzua ere eskaintzen du. Astean bi hitzordu daude: astelehenetan (09:00-13:00) eta asteazkenetan (14:30-18:30). Harremanetan jartzeko bideak hemen: 662 62 38 30 eta atxabaltamugi@gmail.com.