Musika munduak betidanik erakarri izan du Mikel Zamora aretxabaletarra, baina orain artean isilpean gorde duen zaletasunak argia ikusi du. Berak sortutako Quien me lo iba a decir kantua argitaratu du.
Nolatan murgildu zara musikaren munduan?
Betidanik gustatu izan zait, musika asko entzuten dut eta musikazalea naiz. 40 urterekin, hau da, duela lau urte hasi nintzen kantuko eta gitarrako eskolak jasotzen Gasteizko eskola batean. Duela hiru urte, bertako Blue Painters izeneko taldearekin hasi nintzen bertsioak egiten eta konturatu nintzen abestea gustatzen zaidala eta gogoko dudala egiten dudan musika beste batzuekin partekatzea, kontzertuak emanaz.
Baina argitaratu duzun kantua zuk konposatutakoa da, ezta?
Bai. Pandemian, pixkanaka, bakarrik konposatzen hasi nintzen; melodiak lantzen eta letrak egiten. Kantu bat hasieratik bukaerara egin nahi nuen, eta, lehenengoa sortu ostean, taldekideei erakutsi nien. Asko gustatu zitzaien, eta animatu egin ninduten gehiago sortzera. Dagoeneko sortu ditut batzuk.
Eta estudio batera sartu zinen grabatzera?
Justu, Avant Music Center Gasteizko eskolako zuzendari Raul Verari proposatu nion eta bi kanturen ekoizpenak egin dizkit. Profesionala da, eta zorte handia izan dut. Kantu bat grabatzen hasi eta, azkenean, lauzpabost grabatu ostean, disko labur bat argitaratzeko asmoa daukat orain.
Lehenengo kantua bideoklip eta guzti argitaratu duzu.
Madrilen bideoak egiten dituen lagun bat daukat, Dejotas Leal, eta hari proposatu nion; izan ere, oso lan politak egiten ditu. Egun askotan ideia lantzen izan ginen, eta nahi nuen Degurixa, Urkulu eta inguruko irudiak ere agertzea. Beraz, hemengo paisaiak ere jaso ditugu, eta agertzen dira bideoklipean.
Nolako harrera izan du?
Oso pozik nago sare sozialetan izan duen harrerarekin. Jende asko orain konturatu da nire pasio honetaz, baita familiako asko ere. Orain arte pausoa eman gabe neukan, eta, azkenean, nire zaletasuna partekatu dudanean, sorpresaz ere hartu dute askok.
Sare sozialek zein pisu dute zure lanak zabaltzerakoan?
Handia. Horietara igoko ditut aurrerantzean ere nire lan berriak. Instagramen eta Facebooken mikelmusic1 izenez aurkituko nauzue eta Youtuben, berriz, mikelmusic izenez.
Zuzenekorik eman duzu?
Oraingoz, ez. Bideoklipa grabatu genuenean, abestu egin behar izan nuen, kontzertu bat ematen egongo banintz bezala, baina, oraingoz, ez dut zuzenean abestu. Egia da musikariak ere lortu beharko ditudala zuzenekoak egin ahal izateko, baina hori ere egingo dut. Zuzenekoak ematea asko gustatuko litzaidake; bai tabernetan, bai kalean... Gainera, nire helburua da niretzat artea den musika partekatzea jendearekin. Bestela, niretzat bakarrik sortzeak uste dut ez daukala zentzurik. Guztiak zentzua hartuko du kontzertuak ematen hasitakoan.
Gogotsu zaude?
Ilusioz, bai. Ez daukat espektatiba handirik, egia esan, baina kontzerturen bat ateratzea bada asmoa.
Diskoa zein fasetan daukazu momentu honetan?
Pixkanaka, nahasketak bukatzen gabiltza. Ideia da hilabete honen erdialdera edo bukaera aldera aurkeztea hurrengo kantua, bideoklip eta guzti, sare sozialetan. Kantuak eskuragarri jarri nahi ditut baita ere Spotifyn eta plataforma digitaletan. Disko fisikoa ateratzea ere gustatuko litzaidake; behintzat, gertukoenei saltzeko aukera hori izateko.