Domekan jarriko da abian Arkupeko denboraldi berria

Mirari Altube Arrese 2021ko urr. 1a, 19:12

Logela Multimedia taldeak umeei eskainiko dien Tartalo, gaztaren sekretua antzezlana izango da domekan; horrez gain, beste bi lan ere egongo dira urrian, baita bi ikus-entzunezkoren emanaldiak eta liburu baten aurkezpena ere.

Uda sasoian apenas egon da ekitaldirik Arkupen, eta Zaraia aretoan bat ere ez. Urriarekin batera denboraldi berriari ekingo diote, eta antzezlanei eta ikus-entzunezkoei egingo diete tokia, bereziki.

Umeendako antzezlanak irekiko ditu aretoko ateak domekan, urriaren 3an (17:00). 3 eta 9 urte bitarteko haurrei bideratutako Tartalo, gaztaren sekretua lana eskainiko du Logela Multimedia konpainiak. Joxemiel izeneko pertsonaiaren bitartez, mendian bizi den Tartalo jentilaren kondaira kontatuko die neska-mutikoei. Antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika uztartzen dituen ikuskizuna da.

Ipuin-kontaketa ere izango dute umeek. Ines Bengoa kontalariak Karabi karaba saioa eskainiko die 4 eta 8 urte artekoei, hilaren 20an.

Helduendako antzezlanak

Horrez gain, beste bi antzezlan ere iragarri dituzte, horiek helduendako. Urriaren 24an, Huts Teatroak eta Artedramak Atzerrian lurra garratz ikuskizuna taularatuko dute. Amancay Gaztañaga zuzendariak eta Lander Lipus eta Laura Penagos antzezleek idatzitako lana da eta immigrazioa eta sorkuntza gaiak lantzen ditu, jatorrizko herritik irten den emakume sortzaile baten bizipenak erdigunean jarrita. Hilaren 31n, ostera, emakumez osatutako Ausartak antzerki talde eskoriatzarrak Las brujas se salem antzeztuko du.

'Herriaren hauspoa' dokumentala

Dokumentalei ere egingo diete lekua. Hilaren 8an, Bideak ikus-entzunezkoa emango dute. Aritz Ganboa artzainak ekoiztutako lana Sakanako Arruazu eta Erronkariko Izaba elkartzeko egindako mendi-korrikaldiaren kronika da. Bigarren dokumentalak UDAren historia jasotzen du, Herriaren hauspoa izenarekin. 75 urteko ibilbidean bizitakoak batuko dituzte, testigantzekin osatuta. Urriaren 15ean, 22an eta 29an izango dira emanaldiak.

Eta liburu aurkezpen bat ere izango dute herritarrek: historia kontuen ikertzaile Aitor Antxia Leturiak idatzi duen Historia de las iglesias y ermitas de Aretxabaleta liburuarena, hain zuzen ere.

Zinema, urtea bukatu aurretik

Zinema emanaldiak berreskuratu gura ditu Udalak, eta, horretarako, zinema digitaleko proiektore bat erosiko duela jakinarazi du. Aurrekontuetan 55.000 euro bideratu dituzte, kreditu aldaketa baten bidez. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak horrelako inbertsioetarako ematen dituen dirulaguntzetara aurkeztuko da. Eskaeraren prozesua bideratu eta Foru Aldundiaren ebazpena ezagutu arte denbora pasatuko dela jakitun, proiektore bat alokatuko du Udalak filmak eskaintzen hasteko; urtea bukatu aurretik izan dadin lanean dabiltza.

Egitaraua

Urriak 3

  • • 17:00 Antzerkia: Tartalo, gaztaren sekretua.

Urriak 8

  • • 19:00 Dokumentala: Bideak.

Urriak 15, 22 eta 29

  • • 19:30 Dokumentala: Herriaren hauspoa.

Urriak 16

  • • 12:00 Liburua: Historia de las iglesias y ermitas de Aretxabaleta. Aitor Antxia.

Urriak 20

  • • 18:00 Ipuin kontaketa: Karabi Karaba. Ines Bengoa.

Urriak 24

  • • 19:00 Antzerkia: Atzerrian lurra garratz.

Urriak 31

  • • 19:00 Antzerkia: Las brujas de salem.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak