Jaso izan dutena eman nahi dute domekan

Hasier Larrea 2021ko ira. 24a, 13:05

Osa, abuztuaren 1ean, Zarauzko Aritzbatalde frontoiko Bi Harri txapelketan.

Sanmigel kulturalen egitarauari amaiera emateko, bihurri eta Eibarko Euskal Jokoak elkarteak herri kirol saioa egingo Herriko Plazan domekan, 13:00etan. Aretxabaletako udala haietaz "beti" gogoratzen dela-eta, onena ematen saiatuko dira partaideak.

Herri kirolek ere geldialdia izan dute, baina pixkanaka ari dira hain beharrezko dituzten plazak berreskuratzen, sanmigeletan ohikoa den ekitaldi horren itzulerak iradokitzen duen moduan. Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariak aipatu du Aretxabaletara etortzeko gonbidapena "aurreko guztiak bezala gustu handiz" jaso duela.

Herritarrak gozarazi nahian maila handiko kirolariak etorriko direla aurreratu du, aita-se-meetatik hasita: "Nire semea, Hodei, Urrezko Aizkorako txapeldun berria da; Andoni Izeta eta Xabier Zaldua ere izango ditugu alboan". Zalduak hiru aldiz irabazi du Euskal Pentatloi Saria eta Izeta bezperan Azpeitian jokatuko den final hori irabaz-teko hautagaietako bat da.Iparraldeko jokoak egiten di-tuen Karlos Aretxabaleta ere azalduko da Herriko Plazan, Izeta sendiko Hodei eta Jakes Iruretagoiena harri-jasotzaileekin batera.

Emakumeak, plazak hartzen

Plazetan sarri ibiltzen diren horiei freskotasuna gehituko die Lierni Osa harri-jasotzaile zarauztarrak. Uztailean hasi zen entrenatzen, "Andoni Izeta lagunak hauspotuta". Abuztuaren lehenean, Zarauzko Bi Harri txapelketan aritu zen harriak altxatzen estreinakoz, eta, zerbikaletako lesioa atzean utzita, "gogotsu" dago Aretxabaletan lehiatzeko. Herri kiroletan emakumeek pauso bat aurrera eman dutela uste du: "Lehen aldia izan zen Zarauzko ekitaldi hartan nesken txapelketa antolatzen zena, eta orain, pentatloian ere ari dira emakumeak maila indibidualean parte hartzen".

ERAKUSTALDIA ETA LEHIA, DENETIK DAGO

Maila handiko probaren hasieran, nor baino nor gehiago aritu gabe ikusleei plazera eragiteko asmoz irtengo dira zortziak: lau aizkolariak aitzurrarekin, abiadura probak eginez, zutik, esku bakarrarekin eta kolpeka; Iparraldeko jokoetako ordezkaria lasto-fardoak altxatzen eta jaurtitzen, baita ingudea altxatzen ere; eta hiru harri jasotzaileak, pisu eta forma askotariko harriak altxatzen.

Jarraian jardungo dute serioago, bi taldetan banatuta, aizkoran, harri jasotzen, trontzan eta korrika.

Ondoren, motozerrekin beste erakustaldi bat egingo dute, eta ekitaldia harri jasotzaileen agurrarekin itxiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak