Urtero 40 kontzertu inguru jotzera ohituak ziren Anoetako musikariak, baina, azkenaldian, tantaka jasotzen dituzte gonbida-penak. Horregatik saiatu dira emanaldi bakoitza eurentzat eta publikoarentzat berezi bihurtzen.
Hilabete asko pasa dira erromeria taldeek plazak dantzan jartzen zituztenetik. Nola egin diozue aurre egoerari?
Gau giroko dantzaldi saioak ematen genituen guk; beraz, bagenekien planteamendu berririk gabe ez gintuztela inondik deituko. Jendeak eserita gu ikusteko moduko zerbait egitea pentsatu genuen; ezin badute dantzatu, gutxienez, abestu dezaten. Espontaneoki atera zitzaigun konponbidea.
Eta zein izan zen?
Euskal kantu mitikoak aukeratu eta toke berria ematea, nazioarteko kantu ezagunekin nahastuta. Adibidez, Txoria txori Metallicaren doinuekin nahastu dugu, eta Aitormena The Police taldearen Every break you take abestiarekin. Hain zuzen ere, horrela iritsi gara Iratzar Erromeria izatetik Iratzar Kantari izatera.
Nola eman zenuten zuen proposamen berritzaile horren berri?
Bideoklip bat grabatu genuen aipatutako azken kantu horrekin, eta funtzionatu egin zuen. Pixkanaka, deitu egin gintuzten, eta horrela heldu gara Aretxabaletara.
Nola jaso zaituztete plazetan?
Oso ondo. Aurten, bost kontzertu eman ditugu, eta lehenengoetan publikoak beste bat! eskatzen zigun. Orduan ez geneuzkan hainbeste kan-tu prestatuta, baina, pixka-naka, kantutegia betetzen joan gara, gutxienez, ordu eta erdiko kontzertua ematera iritsi arte.
Publikoa animatzen al da bertsio horiek abestera?
Hori zen helburua, eta zenbait ideia genituen mahai gainean: kontzertuetan letrak inprimatu eta banatzea edo QR bidez deskargatzeko aukera ematea. Azkenean, telebista handi bat erosi, gure atzean jarri eta letrak proiektatzea erabaki genuen.
Nolako giroa duzue talde barruan?
Taldea sortzerakoan profesional bezala hasi ginen, eta lagun bezala amaitu dugu. Beti ateratzen dugu tartea afaria egiteko edo dena delakoa. Batzuetan, alderantziz gertatzen da. Iratzar taldeaz gain, norberak badauzka beste proiektu musikal batzuk. Beraz, gerta liteke taldekide batek kontzertura etorri ezin izatea. Halakoetan, badugu nori deitu, eta hark ordezkatzen du.
Aretxabaletan jo izan al duzue beste urteren batean?
Pare bat aldiz etorri gara andramaixetan; orduan, txosnetan jo genituen kontzertuak. Oraingoa Herriko Plazan izango da, eta, zutik edo dantzan egon beharrean, jendeak eserita jarraitu beharko du ikuskizuna. Ea hori ere laster aldatzen den.