Tomatearen Astea borobiltzeko azoka berezia egin dute gaur Aretxabaletan. Durana kalean 15 postu jarri dituzte: tomatea, barazkiak, gazta, marmelada, etxeko gozogintza, eztia... denetarik erosteko aukera egon da azokan.
Ikusmina
Tomatearen Astea izanda protagonismo berezia izan du, nola ez, Aretxabaletako tomateak. Aurten, gainera, inoiz baino ikusmin handiagoa sortu da azokaren inguruan. Azken asteetan Aretxabaletako tomateak jaso dituen sariek izan dute horren ardura. "Egia esan igarri da herrian mugimendua eta kanpotik ere etorri dira Aretxabaleta eta tomatea ezagutzera. Pozgarria da hori", azaldu du kultura zinegotzi Ainhoa Caberok.
Barietate handiena
Tomate barietate handienaren lehiaketara lau lagunek eraman dituzte tomateak. Guztien artean, argi geratu da nork aurkeztu duen barietate handiena: Josu Azkarate eskoriatzarrak 22 barietate aurkeztu ditu. Berak eraman du saria.
Tomate itsuena, aldiz, Kurtzebarri eskolakoa izan da. "Izena eman genuen baina ez genekien tomate zatarrik izango ote genuen. Egubakoitzean, ortura joan ginen eta ikusi genuen baietz", azaldu du, beste batzuen artean, Kurtzebarri eskolako ortuaren ardura eramaten duen Dorleta Gaztañagak.

Tomate itsusienaren saria emateko botoa eman dutenen artean zozketa egin dute eta irabazlea Josebi Ramos izan da.
Errotzen ari den azoka
Caberok astearen balorazio positiboa egin du: "Oso ondo joan da. Egia da pandemiaren eraginez ekitaldiak murriztu ditugula: hitzaldi bakarra eta erakusketa txiki bat izan ditugu. Azoka izan da Tomatearen Asteko ekitaldi nagusia, eta herrian errotuta ez dagoen ekitaldia izan arren, aurtengoan indarra hartu du".