"Aretxabaletako historia zein memoria historikoa gizonezko garaileen ikuspegitik kontatu izan dira, eta Aretxabaletako memoria kolektiboan ez da aztarna feministarik ageri", diote antolatzaileek. Hala, mugimendu feministaren, emakume* aitzindarien eta feministen inguruko informazioa lortzea da lehiaketaren funtsa.
Proposamenak urriaren 4ra arte aurkeztu ahalko dira, eta aukeratutako lana zein den urriaren 18an jakinaraziko da. Ondoren, abenduaren 27ra arteko epea egongo da lan hori egiteko, eta saria 2022ko urtarrilean emango da. Lan irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du. Euskaraz izan beharko da eta baldintzen artean dago emakumea izatea eta 2005ean edo aurreko urteetan jaio izana. Bestetik, ez da ezinbestekoa izango Aretxabaletakoa edo eskualdekoa izatea, baina epaimahaiak baldintza hori kontuan hartuko du. Gehienez ere hiru proposamen aurkeztu ahal izango dira urriaren 4ra arte helbide elektroniko honetan: berdintasuna@aretxabaleta.eus.