Iralabarriko uren kalitateari jarraipena, piezometroak jarrita

Mirari Altube Arrese 2021ko ira. 6a, 16:45

Ondoan enpresari eman dio lanon ardura Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du horretarako.

Iralabarri plazako lurpeko uren kalitatea aztertzea du helburu Udalak, eta horretarako, piezometroak jarriko ditu, uraren kalitatea eta presioa neurtzeko erabiltzen diren gailuak. Lan horien ardura Ondoan enpresari eman dio eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailetik dirulaguntza jaso du horretarako: 10.075,35 euro, hain zuzen ere.

Lau piezometro, bost metrora

Laminados Aretxabaleta lantegia egondako orubean eraiki zituzten Irabalarri plazako etxebizitzak –orain dela hamasei urte inguru–, eta orduan, kutsatutako lurrik egon zitekeen aztertzeko, hainbat piezometro jarri ziren. Udalak piezometro horien berrikusketa egin du orain, eta dagoeneko ez daudela jarritako lekuan frogatu; horregatik, horiek ordezkatzea erabaki du.

Lau jarriko dituzte, aurretik egondakoen kokaleku berean edo ahal den gertuen, eta bost metro inguru lurperatuko dituzte.

Gailu horiek urteko bi unetan jasoko dituzte laginak: bata, ur gutxi dagoen garaian, uztail eta urri artean; eta bestea, ur askoko garaian, urtarril eta apiril artean. Guztira, zortzi lagin izango dira, eta aztertuko dituzten elementuen artean daude antimonioa, ftalatoak, PCBa eta beste konposatu organiko batzuk.

Horiez gain, pH-a, eroankortasuna eta tenperatura ere jasoko dituzte beste neurgailu baten bitartez. Laginen emaitzak Eusko Jaurlaritzara bideratuko ditu Ondoanek.

Udaletik jakinarazi dute lanek ez dutela eraginik izango plazako bizilagunen egunerokoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak